«Gakoetako bat izan da burugogorkeria, atzetik joan arren bukaerara arte lehiatzea»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Txapelketetan maila bikainean aritu den bateleko sei kideak, entrenatzailearekin batera.

Espainiako Txapelketan bigarren izan berritan, alde psikologikoaren garrantzia nabarmendu dute Hernaniko Arraun Elkarteko neska jubenilek. Edonola ere, entrenamenduen lan kargan eta gaitasun fisikoan ere nabaritu dute aldea, urritik ari baitira traineruan aritzeko lanean.

Gorabeheratsua izan zen Gipuzkoako Batel Liga, neska jubeniletan. Bi batel uretaratu zituzten, eta postu onak emaitza apalagoekin tartekatu zituzten biek. Baina txapelketetara iritsi, eta ezustekoa eman zuten hernaniarrek: Gipuzkoako txapeldun, Euskadikoan bigarren, eta Espainiakoan ere txapeldunorde.

Kanpotik ikusita, horrelaxe laburbildu liteke haien denboraldia; baina barrutik badaukate azalpenik, bai ligako gorabeherek, eta baita txapelketetako maila bikainak ere. Sekretutxo horiek aletu dizkigute, azken asteetako zazpi protagonistek: Araitz Iturrieta, Eider Elosegi, Intza Arregi, Olatz Pagola eta Goiatz Arabiotorre arraunlariek, Naia Peñagarikano patroiak, eta Asier Ocon entrenatzaileak.

«Ligan sentsazioei begira aritu gara gehiago, emaitzei baino. Izan ere, bi batel osatuta, nahastuta aritu gara arraunlariak, astero aldatuz. Traineruko prestaketari eman diogu lehentasuna ligan zehar, eta behin txapelketak gerturatu direnean, orduan bai, bateletan zentratu gara», azaldu dute. 

Talde indartsua osatu, eta bere maila onena eman zuen Hernanik txapelketetan: «Bagenekien aurrean ibili gintezkeela, baina ezustekoa izan da horren ondo aritzea. Finaletara sailkatzea espero genuen, akaso podiumaren lehian aritzea ere bai... Baina horrenbeste ez».

Gainera, taldeen arteko parekotasuna nabarmendu dute: «Diferentziak oso txikiak dira, eta bost segundutan batel asko sartu daitezke. Estropadan maila hobea edo apalagoa eman, geratu zaitezke finaletik kanpo edo txapeldun izan. Nahikoa da irteera edo ziaboga txarra egitea, bizpahiru segundu galdu eta estropadak ihes egiteko».
 

Alde psikologikoa, klabea

Parekotasun horrekin, hernaniarrek garbi daukate arrakastaren gakoetako bat: «Alde psikologikoak garrantzia izan du guzti honetan. Burugogorrak izatea, eta atzetik joan arren estropadak bukaerara arte lehiatzea. Taldean konfiantza haundia transmititu digute denek, eta gogo eta ilusio haundiarekin aritu gara», kontatu dute.

Zentzu horretan, Jon Odriozolak, Hernaniko Arraun Elkarteko lehendakariak, nabarmendu du «heldutasuna» daukatela arraunalariek: «Ez dira hasiberriak. Ibilbide bat egin dute, eta bizi dituzte horrelako egoerak, onerako eta txarrerako. Horrek irakatsi egiten dizu, eta uretan nabaritu egiten da».

Gehienak, kadete mailatik igo berriak

Deigarria da alde psikologikoa eta heldutasuna izatea taldearen indargunea, kontuan hartuta gehienek aurreneko urtea dutela jubeniletan, joan den urtean kadeteetan ia dena irabazi ondoren. Txapelketetan aritu den seikotetik, Olatz Pagola eta Goiatz Arabiotorre bakarrik zeuden jubeniletan, joan den urtean.

«Nabaritu dugu kategoria aldaketa, bereziki entrenamenduen lan kargan», diote kadete mailatik igo berriek: «Lehengo urtean, astean hiru egunez entrenatzen genuen, eta aurten astean bost egunez. Gainera, sorpresatxoa jaso dugu gaur bertan... Entrenatzailearen mezua, esanez maiatzean sartzearekin batera astean sei egunez entrenatuko dugula», kontatu dute barrez.

Izan ere, maila aldaketarekin, traineruan aritzeko entrenatzen hasi dira, eta asko aldatu zaie egunerokoa: «Gimnasioko lana egiten dugu, pesekin eta core ariketekin; eta korrika ere asko, asko. Lan fisikoa izan da lehentasuna neguan, traineruari begira, udaran maila onena emateko. Beraz, erresistentzian eman dugu aurrerapauso haundiena».

Horrek, kontrara, 'txispa' galtzea ekarri die, bateletan zentratuta dauden taldeekin alderatuz, Asier Oconek kontatu duenez: «Guk ez daukagu beste batzuen txispa, baina Espainiakora konbentzituta joan ginen, ahalik eta indartsuen hasi behar genuela. Horrela iritsi zen Intza ziabogara...».

«Ezin nuen gehiago! Pentsatzen nuen, 'nola bukatuko dut estropada?' Baina segi eta segi, eutsi genion bukaeraraino», kontatu du arraunlariak.

«Oso talde gaztea daukagu, eta ezin dugu espektatiba haundirik jarri, baina...»

Batel kontuak atzean utzita, traineru denboraldiari begira jarrita daude berriro. Aurten ez du taldea osatzeko arazorik izango Hernanik, aspaldiko partez, 22 arraunlari baitauzkate, ia denak etxekoak. «Horrek asko laguntzen du, askoz ere lehenago hasi ahal izan dugulako lanean, eta gure gaitasun fisikoa eta psikologikoa nabarmen altuagoa da, motibazioa bezala», diote.

'Berriak' «gogotsu» azaldu dira, traineruko estreinaldiari begira, nahiz eta «pixka bat haundi» ikusten duten oraindik. Puntualizazio txiki bat egin nahi izan du Asier Oconek, horren harira: «Gogotsu daudela esan dute, bai... Baina hasieran ez zen horrela. Esaten zuten beraiek ez zutela traineruan aritu nahi, gogorregia dela... Pixkanaka piztu zaie gogoa, eta ilusioz heldu diote. Baina trainerurako taldea osatzea ez da izan dirudien bezain erraza!», aitortu du erdi barrez.

Lan gogor horri aurre egiteko, talde giro polita da tresna eraginkorra, hernaniarren kasuan: «Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta konfiantza haundia daukagu. Ezinezkoa da hau guztia, taldean giro ona izan gabe. Elkar babestu eta laguntzen dugu, traineruan egon edo kanpoan geratu», azpimarratu dute.

Egindako lana erakusteko garaia iritsiko da laster, baina ez dute helburu zehatzik finkatu nahi. «Oso talde gaztea daukagu, eta ezin dugu gehiegi estutu», azaldu du Asier Oconek: «Pausoz pauso joan behar dugu. Horregatik, ez dugu espektatiba haundirik jarri nahi. Gainera, helburuak jarri eta horiek ez lortzeak porrot sentsazioa ematen du. Nik barruan badaukat ilusio bat, baina ezin dut oso altu esan. Badirudi harroputza izatea dela... baina uste dute bandera bat edo bi lortuko ditugula aurten. Hala ere, oso oso zaila da, parekotasun haundia baitago; jaitsieretan ikusi dugu hori. Irabazi dezakezu estropada bat, eta hurrengoan seigarren sailkatu».
 

Kadeteetan eta infantiletan ere talde politak, proiektuari jarraitasuna emateko

Etxe barruan urtetan egindako lan onaren emaitza da egungoa. Orain 'Maialen' trainerura iritsi den taldeak, pausoz pauso eta mailaz maila egin du gora klubean, multzo sendoarekin. Eta atzetik ere, oraingoz, bermatuta daukate nork jarraitasuna eman proiektuari. Izan ere, kadeteetan, lehenengo urteko zazpi arraunlari daude (bigarren urteko bakarra); eta infantiletan ere arraunlari talde polita daukate. Elkar elikatuko dute guztiek, heldu eta gaztetxo.

«Talde honek jarraitasuna izanez gero, traineru potentea osatu dezakegu datozen urteetan. Baina horixe da behar duguna, jarraitasuna. Azkeneko urteotan trainerua osatzea arazoak izan ondoren, oso pozgarria da aurten halako taldea izatea, etxeko jendearekin. Oraindik oso gazteak izan arren, ilusioa pizten dizu aurrera begira», kontatu du Goiatz Arabiotorrek.

Haiek dira kadete eta infantil mailako gaztetxo horientzat erreferentzia: «Gu ere beraien adinarekin hasi ginen arraunean, eta orain traineruan ari gara. Guk lortu badugu, beraiek ere lortu dezakete. Ilusioa egiten dizu zure burua traineruan ikusteak», diote.

Edonola ere, oso urrutira be­gira jarri gabe, aurtengoaz gozatu nahi dute aurrena, askorentzat estreinako traineru denboraldia izango denaz: «Disfrutatzera atera behar dugu, hori da garrantzitsuena. Eta disfrutatuz gero, eta egindako lanarekin gustura geratuz gero, emaitzak iritsiko dira».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!