Hiru torneo, hiru final, eta Hernaniko sei palista

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Amaia Irazustabarrena.

GRABNIko, Bizkaia Torneoko eta trinketeko Gipuzkoako Txapelketako finaletan ariko dira bertakoak.

Hiru txapelketa garrantzitsutako finalak jokatuko dituzte, palaz, asteburu honetan; eta hiruetan izango da hernaniarrik. Bereziki protagonista izango da Amaia Irazustabarrena, bi egunetan hiru final jokatuko baititu berak.

Gaur arratsaldean izango da aurrenekoa, GRABNI txapelketako finala. Garazi Eizmendi taldekidearekin batera, Nafarroaren kontra ariko da, arratsaldeko 16:30etan hasita, Gasteizko Mendizorrotzako frontoian. Nafarrak dira faborito, ligaxkako lider bukatu ondoren; baina ezustekoa eman nahi dute gipuzkoarrek.

Bihar jokatuko dituzte beste biak. Eguerdian, Larruzko Paletako Bizkaia Torneoko finala jokatuko dute Irazustabarrenak eta Leire Galdosek. Martin eta Gorostiaga izango dituzte kontrario, txapela janzteko lehian, eguerdiko 12:00etan Bilboko Bizkaia frontoian.

Eta arratsaldean, aldiz, Hernaniko bi bikote izango dira aurrez aurre, trinketeko Gipuzkoako Txapelketaren finalean. Irazustabarrena eta Miren Goikoetxea, Izaskun Arrosagarayren eta Ane Kerejetaren kontra. 17:00etan hasiko dute finala, Irurako Ametsa trinketean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!