Eibarren bihar, seigarren postua ziurtatzeko

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Malen Lizarraga, aurreko partiduan.

Unben jokatuko dute Hernaniko neskek Euskal Ligan, kontrario zuzen baten aurrean, bihar arratsaldeko 17:45etan.

Euskal Ligara itzuli den honetan, pronostiko guztiak birrindu eta denboraldi bikaina osatu du Hernanik. Hiru partidu falta direnean, meritu haundiko seigarren postuan daude berdeak, 53 punturekin, nahiko 'bakarrik': aurreko biak, zazpi puntu gehiagorekin; eta atzeko biak, sei gutxiagorekin.

Baina partidu garrantzitsua daukate bihar, Eibarko Unbe zelaian, arratsaldeko 17:45etan hasita. Hain juxtu, atzeko bi talde horietako bat izango dute aurrez aurre, Eibar. Irabaziz gero, hernaniarrek ligako seigarren postua ziurtatuko dute. Bihar galduta, aldiz, ligaren bukaerara arte estutu beharko dituzte hortzak, postu politari eusteko.

Mutilen Ohorezko Erregionalean, berriz, etxean ariko da Hernani gaur. Amaikak Bat hartuko dute berdeek Zubipen, arratsaldeko 17:30etan hasita. Igoera kontuak aspaldi ahaztuta, hernaniarrek oraindik ez dute matematikoki ziurtatu mailari eustea, eta garaipena behar dute gaur, hiru puntuak lortzeaz gainera, bere joko maila eta animoa berreskuratzeko.

 

Mundarro etxean gaur, Rotetaren kontra

Permanentzia ziurtatu beharrean da Mundarro ere, oraindik, mutilen Erregional Preferentean. Gaur etxean irabaztea dute horretarako aukera, baina ez dute partidu erraza izango, Rotetaren kontra. Arratsaldeko 18:00etan hasiko da partidua Zarkumendegin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!