Hilabete borobilari errematea bihar gimnastek, Gipuzkoako finaletan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Alebin mailako Langile T taldea 17garren izan da Gipuzkoako bigarren fasean.

Emaitza ederrak lortu dituzte Hernaniko gimnastek, azkeneko hiru asteburuetan, Barakaldon bereziki.

Hilabete bizia bezain gozoa izan da apirila, Hernaniko Gimnastika Klubeko kideentzat. Txapelketa ezberdinetan aritu dira aurreko hiru asteburuetan, eta emaitza ederrak lortu dituzte, maila guztietan.

Apirilaren 14an lortutakoak dira bereziki nabarmenak. Izarra Torneoan aritu ziren Barakaldon, eta lau dominarekin bueltatu ziren. Seniorretan, uztaiarekin, urrezkoa domina lortu zuen Nerea Echarrik, eta zilarrezkoa June Clementek. Zintarekin, berriz, brontzezko domina kolkoratu zuen Ainara Ruedak. Eta infantiletan, uztaiarekin, bigarren izan zen Erika Marquez, zilarrezko domina lortuz.

Apirilaren 20an eta 21ean, berriz, Gipuzkoako Txapelketaren bigarren fasea jokatu zuten alebin eta infantilek, eta Hernaniko ia gimnasta guztiek lortu zuten finaletara sailkatzea. Taldeka, infantil B mailan, laugarren izan zen Hernani. Eta alebin B mailan, Langile H izango da finaletan, 12garren sailkatu ondoren; Langile T geratu da kan­poan, 17garren. 

Bakarka, berriz, Hernaniko sei gimnastak sailkatu dira finaletara. Infantil A mailan, bigarren izan da Erika Marquez, eta infantil B mailan seigarren Eider Blazquiz. Alebin B mailan, berriz, bosgarren sailkatu da Eider Salvador (bigarren izan zen bigarren fasean), seigarren postuan berdinduta Araitz Beroz eta Irune Alsua, eta zazpigarren Laia Lazkoz.

Eta azkenik, apirilaren 28an, Peñota Torneoan aritu ziren Portugaleten. Hernaniko Senior A taldea hirugarren izan zen, postu bera lortu zuen Elene Rodriguezek pelotarekin, eta seigarren sailkatu zen June Rueda uztaiarekin.

 

Gipuzkoako eta Euskadiko finalak, maiatzean

Datozen asteotan jokatuko dituzte Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketen finalak, kategoria ezberdinetan. Bihar izango dira Gipuzkoakoak, kadete, jubenil eta senior mailako gimnastentzat; eta maiatzaren 11n alebin eta infantil mailakoentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!