«Oso ezezaguna da Extremadura hemen, bertakoak harritu egiten dira hara joatean»

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Santi Gil Tello, Urbieta kaleko 'Gizona' eskultura atzean duela, Miguel Ángel Oribek etorkinen omenez egindakoa. 1999ko Extremadurako Jardunaldietan inaguratu zuten eskultura, hain juxtu.

30garren edizioa izango dute gaur goizean Extremadurako Jardunaldiek, Atsegindegin. Euren jaioterriko produktuak, ingurunea eta folklorea ezagutzera emateko antolatu ditu urtero Centro Cultural Extremeñok, eta oso harrera ona izan dute beti, Santi Gil Tellok, elkarteko lehendakariordeak, kontatu digunez.

Zita seinalatua izaten da urtero, Extremaduratik etorri zirenentzat ez ezik, baita bertakoentzat ere. Extremadurako Jardunaldiak izango dira gaur Hernanin, 10:00etan hasita Atsegindegin, eta hango produktuz eta folklorez jantziko dute goiza. Goiz osoan zehar izango da azoka bertan, Extremadurako gaztak, txorizoak, urdaiazpikoak, gozoak... eskuragarri jarrita. Informazio turistikoa ere emango dute postuetan. Eta goiza borobiltzeko, emanaldia eskainiko dute Virgen de Guadalupe abesbatzak eta dantza taldeak.

Donostiako Centro Cultural Extremeñok antolatuta, euren jaioterria ezagutzera eman nahi dute. Izan ere, «oso ezezaguna» da Extremadura hemen. Hala azaldu digu Santi Gil Tellok, elkarteko lehendakariordeak. «Bertakoak Extremadurara joaten direnean, harritu egiten dira. Askok esan izan didate 'bertan izan gara eta dena da berdea eta dena ura!', harrituta. Beti pentsatu izan da hura oso lehorra dela. Eta Extremadurako iparraldea bai, lehorragoa da; baina hegoaldea baratzez josita dago: artoa, tomatea, arroza, frutarbolak... Estatuko arroz ekoizle nagusienetakoa da, Andaluziarekin batera. Gainera, bere urtegiekin, kostalde gehiago dauka itsasora ematen duten probintzia askok baino», nabarmendu du. Mahastiak ere ugariak dira bertan: «Pentsa, Errioxako jende asko joan zen bertara, mahastiak jarri eta ardoa ekoiztera».

Herriei dagokienean ere, bertara joanda sorpresa haundiak hartuko genituzkeela uste du Gilek: «Iparraldean txikiagoak dira herriak, baina hegoaldean oso haundiak dira, 'herri zuriak' bezala ezagutzen direnak. Zafra, Llerena, Almendralejo... Eta Merida zeresanik ez, bigarren Erroma da. Erromara joateko nahikoa diru ez baduzu, joan zaitez Meridara; Erroma txikia da hura. Nire alaba Erroman izana zen, eta gerora Meridara joan ginenean, berak esan zidan, 'aita, Erroman nagoela dirudi'. Monumentuz josita dago Extremadura».

 

Extremaduratik etorritakoak, «bigarren komunitate haundiena» Hernanin

Santi Gilek hasieratik hartu du parte Hernaniko Extremadurako Jardunaldien antolakuntzan, baina Errenteriakoa da bera. Miajadas herritik etorri zen, Altzan eta Errenterian bizi diren beste asko bezala. Hernanira, berriz, Torreorgaz herritik etorri ziren gehienak, Orbegozon lan egitera, eta ez ziren gutxi: «Extremaduratik etorritakoak dira bigarren komunitate haundiena Hernanin, Nafarroatik etorritakoen atzetik», dio Gilek.

1978an Centro Cultural Extremeño sortu zutenean, Groseko lokal batean, indar haundieneko herrietako bat zen Hernani bertan. Irundik Zarautzeraino, makina bat herritako extremadurarrak zeuden bazkideen artean, Gipuzkoako aurreneko zentroa izan baitzen. Gerora sortu dira beste batzuk herrietan, indarra hartu eta lokalen bat eskuratu duten heinean. Donostiak ere aldatu zuen bere egoitza, Intxaurrondora, 1991n.

 

«Hernaniarren aldetik 
laguntza eta babes haundia izan dugu beti»

Elkartearen pasarte guztiak ezagutzen ditu Santi Gilek: bere sorreran hartu zuen parte, eta zortzi urtez izan da lehendakari, beste inor baino gehiago. Gogoan du Hernanin bizi ziren extremadurarren proposamena izan zirela jardunaldiak: «Donostian Aste Kulturala antolatzen hasi ginen irailean, eta Migen Eguna azaroan. Orduan, Hernanikoek galdetu zuten, zergatik ez genuen bertan zerbait antolatzen. Horrela hasi ziren Extremadurako Jardunaldiak, herrian bizi ziren extremadurarrek bultzatuta», kontatu du.

Hasieran, Tilosetan egiten zuten ospakizuna, eta gerora Latsunbeberriko kirol pistetan. Azokaz eta emanaldiez gain, diapositiben zein filmen proiekzioak ere eskaini izan dituzte, eta hitzaldiak ere bai; baina horietan, partehartzeak behera egin du urteekin.

Jardunaldiak Latsunbeberrin egiten zituztenean, horien barruan inauguratu zuten 'Gizona' eskultura Urbieta kalean, ekitaldi berezi batekin, 1999an. Miguel Ángel Uriberen lana da 'Gizona', etorkinen omenez egindakoa. «Bertakoen eta kanpotik etorritakoen arteko besarkada irudikatzen du», nabarmendu du Gilek.

Eskultura jardunaldien barruan inauguratzeko proposamena Hernaniko Udaleko Kultura Sailetik jaso zuten, eta Gilek nabarmendu du haien laguntza izan dutela beti, hernaniarrena bezalaxe: «Bertakoen aldetik laguntza eta babes haundia izan dugu betidanik. Ikusmina pizten dute Extremadurako Jardunaldiek, eta oso egun polita da guretzat», adierazi du.

 

«Urtetan jaioterrira joaterik izan ez duenarentzat, oso berezia da hango produktuak eskuratu ahal izatea»

Postuak prestatu, eta pozik jartzen dituzte eskuragarri haien jaioterriko produktu onenak, bertakoek ezagutu, dastatu eta eskuratu ditzaten. Baina ez bertakoek bakarrik: «Badago Extremadurako jendea, adinekoa bereziki, azkeneko urteotan jaioterrira joaterik izan ez duena. Eta beraientzat oso berezia da azoka; oso berezia da produktu horiek eskuratu ahal izatea, eta haien jaioterriko folkloreaz gozatzea», azaldu du.

Izan ere, ohitura haundia dute Extremaduratik etorritakoek, beste txoko askotakoek bezala, urtero jaioterrira bisita egiteko. «Are gehiago, elkartrukeak ere antolatu ohi ditugu, eta elkarrekin joaten gara. Gure kasuan, Miajadasetik etorritakoak garenok, kultur elkartrukeak egin izan ditugu urtero gure jaioterrikoekin. Hara joaten gara asteburupasa, gure talde folkloriko eta guzti; eta ondoren, hangoak etortzen dira hona, beste asteburu batez, haiek ere talde folklorikoarekin». Pandemiarekin eten zuten urteroko ohitura hori, baina aurten berreskuratu nahi dute.

Miajadasen bezalaxe, Hernanin eskainiko du emanaldia gaur Virgen de Guadalupe taldeak, eta Extremadurako produktuek, ingurune berdeak eta herri zuriek bezalaxe, harrituko du bat baino gehiago, Santi Gilen ustez. «Bertako batzuk harrituta geratzen dira gure folklorearekin. Esan izan didate: 'ez dauka zerikusirik Andaluzioakoarekin'. Noski ezetz, gure folklore propioa eta berezia daukagu, erkidego bakoitzak bezalaxe».

Horiek guztiak ezagutu nahi dituenak, gonbitea luzatuta dauka gaur goizerako: extremadurarrek Atsegindegin hartuko dituzte beso zabalik, beraien jaioterriko hamaika kontu pozik eta harrotasunez kontatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!