Trafiko isun arinen ordenantza moldatzea onartu zuten Plenoan

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 2a, 00:00

Apirileko Udal Plenoko argazkia, joan den asteartean.

80 eurotik 40ra jaitsiko da tarifa, baina azkar ordaintzeagatik egiten den deskontua %90etik %50era murriztuko dute.

Asteartean bildu zen Hernaniko Udaleko Plenoa, apirileko deialdian. Onartu beharreko puntu guzti­ak aho batez onartu zituzten; horien artean, Hernaniko Berdintasunerako IV. Plana eta Hernaniko Udalaren eta Añarbeko Uren Mankomunitatearen arteko lankidetza hitzarmenaren gehigarria.

Trafiko isun arinak arautzen dituen udal ordenantzaren moldaketa ere bozkagai jarri eta onartu zuten Plenoan. Gipuzkoa­ko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean, 80 eurotik 40ra jaitsiko da trafiko isun arinen oinarrizko tarifa. Hala ere, orain arteko %90eko deskontua bertan behera geratuko da, eta 20 eguneko epean ordaintzen duten herritarrei %50eko deskontua aplikatuko zaie.

Xabier Lertxundi alkateak arrazoitu zuen aldaketa propo­samena: «Batetik, aurretik isu­nak ordaintzera behartzen zen kantitatea, 8 euro, ez da eraginkorra izan, eta eguneratzeko beharra zegoen. Halaber, ordaintzeko modua berezia zen, eta Udalari ezohiko prozedura bat mantentzeko beharra sortzen zion. Orain prozedura estandarizatu eta gainerako isunen kudeaketa sisteman sartuko ditu isun hauek ere».

Lizeagako bizilagunak, kexu

Eskarien eta galderen unean, Lizeaga auzoko bizilagunek hartu zuten hitza. Auzoko txokoen egoera txarraz hitz egin zuten, eta erantzun bat eskatu zieten udal ordezkariei. Alkateak azaldu zuen proposamen zehatz bat lantzen ari direla une honetan, eta laster jarriko direla bizilagunekin eta auzo elkartearekin harremanetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!