«Arrakala digitala gainditzea da gure helburu nagusia»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 27a, 00:00
Ibon Txoperena eta Beñat Azkargorta, EHKOMeko kideak.

Horretarako zenbait proiektu ditu eskuartean EHKOM kooperatibak; besteak beste, alde zaharrean zuntz optikoa jartzea.

«Euskal Herriko telekomunikazioetako operadore publiko komunitario batean oinarritutako kooperatiba integrala da EHKOM». Hala azaldu dute kooperatibako kide diren Ibon Txoperenak eta Beñat Azkargortak: «azpiegiturak hedatzeko lanean ari gara udalarekin elkarlanean, telekomunikazio burujabetzaren bidean». 

Telekomunikazioan aditua den kooperatibak argi du zein den helburu nagusia: arrakala digitala gainditzea, hau da, Internet konexio txarra duten auzo edo eremuak konexio egokia izan dezaten baliabideez hornitzea. Horretarako, Txoperenak azaldu du zuntz optikoa jarri ahal izateko proiektuak gauzatzen dituztela, sarea behar duten eremuetan: «orain zabaltzen ari gara zuntz optikoa alde zaharrean, eta irrati bidezko azpiegiturak hainbat auzotan, Santa Barbarako antena erabiliz. Azpiegitura horien jabetza publiko edo publiko-komunitarioa izanik ere, edozein operadorek erabili ahal izango ditu». Izan ere, EHKOMen ustez, telekomunikaziorako sarbidea oinarrizko eskubide bat da, baina gaur egungo errealitateak eskubide horiekin talka egiten duela dio Azkargortak: «uste dugu denok izan beharko genukeela aukera hori. Gaur egun ordea, oraindik ez da ematen, eta arrazoia da, telekomunikazioen merkatu honetan, oligopolio egoera bat dagoela. Izan ere, Espainiar estatuan, lau multinazionalek kontrolatzen dute merkatu guztia. Hauek jarduten dute errentagarritasunaren arabera, hau da, errentagarriak ez diren guneak alde batera uzten dituzte, eta Euskal Herrian baserri eta auzo asko daude erdigunetik kanpo».  

«Telekomunikazioak gaur egun beharrezko tresna» direla abiapuntu hartuta, hemendik aurrera emango dituzten urratsak zeintzuk diren elkarbanatu dute EHKOMeko kideek: «Orain alde zaharreko bigarren fasean zentratuko gara, zuntz optikoa bermatzeko. Modu honetara alde zaharreko bizilagunek sarera sarbidea izango dute. Era berean, Hernani Burujaberen baitan, gure asmoa da Hernaniko auzo gehiagotara heltzea eta diagnostiko bat egitea. Modu honetara, beharrak identifikatuko ditugu eta hauek asetzeko ahalegina egingo dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!