Andoni Mujika 'Anatx' bihar arituko da Gabirin, Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko saioan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 25a, 00:00

Txapelketa gaur hasiko da Eskoriatzan, A multzoko lehen saioarekin; eta B multzoko estreinakoan ariko da 'Anatx' bihar, 19:00etan.

Bost urteren ondoren, bueltan da Gipuzkoako Bertsolari Txa­pelketa. Udazken honetan jokatuko dute txapelketa, eta egun hauetan hasiko da Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea. Gaur izango da lehenengo saioa Eskoriatzan, eta ekainaren 2an azkena, Hernanin. Eskoriatzako saioan ez da bailarako bertsolaririk arituko, baina bai biharko Gabiriko saioan. Andoni Mujika 'Anatx' beste bost bertsolarirekin (Aitor Tatiegi, Aitor Zubikarai, Maider Arregi, Urko Egaña eta Uxue Fernández) lehiatuko da, 19:00etan hasita. B multzoko saioa izango da.

Aurtengoan ere bertsolari ugarik eman dute izena Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean. Guztira, 74 arituko dira udazkenerako txartelaren bila, horietatik sei bailarako bertsolariak: Andoni Mujika Izagirre 'Anatx' (Osiñaga), Arnaitz Lasarte Santa Kruz (Ereñotzu), Eli Pagola Apezetxea (Ereñotzu), Iker Ormazabal Ojeda 'Tturko' (Hernani), Ekain Tolaretxipi Errazti (Hernani) eta Andoni Rekondo Izagirre (Hernani). Epaileen artean ere badago bailarako ordezkaririk, lan horretan arituko baita Estitxu Agirre hernaniarra. Udazkenean, berriz, Amaia Otxotorena Gamio (Ereñotzu), Bakarne Urreaga Etxeberria (Hernani) eta Iñigo Legorburu Arregi (Hernani) ariko dira epaile lanetan, txapelketa hastearekin batera. 

Sailkapen fasearen egiturari dagokionez, bertsolariak bi multzotan banatuta egongo dira, A multzoan eta B multzoan, eta bi itzuli egingo dituzte. Lehenengo itzulian bertsolari guztiek hartuko dute parte, 12 saiotan banatuta. Saioak ostegun eta ostiraletan izango dira, 19:00etan hasita, eta lehenengo galbahea bertako puntuazioetatik egingo da. Izan ere, bigarren itzulira multzo bakoitzeko 23 bertsolari onenak eta puntuazio altuena duten hurrengo biak (multzo berekoak izan daitezke) sailkatuko dira: 48 bertsolari guztira. Bigarren itzulian larunbat eta igandeetan jokatuko dira saioak (17:00), eta Hernanin izango da azkenekoa, ekainaren 2an. Multzo bakoitzeko 17 bertsolari onenak sailkatuko dira udazkeneko fasera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!