Herriko negozioen digitalizazioa lantzeko ikastaroak antolatu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 25a, 00:00

Bi saio izango dira, apirilaren 30ean eta maiatzaren 6an, Plazara gunean.

Beterri Buruntza Mankomunita­teak, Hernaniko Udalarekin eta Gipuzkoako Industri Ingeniarien Elkartearekin batera, bi saio antolatu ditu merkataritza, ostalaritza eta herriko ekonomiako negozioen digitalizazio beharrak landu eta Kit Digitaleko laguntzaren berri emateko. 

Saioak Plazara gunean izango dira, Gudarien Plazako 5garren atarian. Doakoak dira, baina izena eman behar da Beterri Buruntza Mankomunitatearekin harremanetan jarriz, telefonoz (943 244 523) edo enpresa@beterriburuntza.eus helbidera idatzita. 

Bi saio hauetan eraldaketa digitaleko prozesuan aurrera egiteko baliabideak iradokiko dizkiete, eta digitalizaziorako irtenbideak eta prestakuntzako edukiak proposatuko dituzte. Horren ildotik, udazkenean partaideen beharren araberako saio zehatzak eskainiko dituzte. 

Beterri Buruntza Digitalaren lehenengo saioa apirilaren 30ean eskainiko dute, asteartez, 15:00etatik 16:30etara: Gaitasun digital pertsonalen eta ETEen digitalizazio-mailaren azterketa. Hel­buruak izango dira gaitasun digital pertsonalen maila zehaztea, eta enpresa txiki eta ertainen edo profesional partehartzaileen digitalizazio egoera zehaztea. Lortutako emaitzak erabili ahal izango dituzte ETEek zein digitalizazio-arlotan ekin behar duten ahalik eta azkarren lantzeko. Beren gaitasun digital pertsonalak eta enpresaren digitalizazio-egoera ezagutu nahi dituzten ETEei eta profesionalei dago zuzendua.

Bigarren saioa izango da Digitaleko dirulaguntza eskatzeko tailerra.  Maiatzaren 6an eskainiko dute, 15:00etatik 16:30etara, eta helburua izango da laguntza programa ezagutaraztea eta ETEak digitalizatzeko eskaintzen dituen soluzioen berri ematea. Profesionalei, autonomoei eta ETEei dago zuzendua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!