«Bota Bertsoaren helburuak bete dira»

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 24a, 00:00

Etzi, 18:30etan, Biteriko plazan izango da sari banaketa. Bertan, kupela jarriko du Larregain sagardotegiak, eta Agin Laburu eta Aitor Mendiluze bertsotan arituko dira.

Bota Bertsoa egitasmoaren sari banaketa ostiralean izango da, Biteriko plazan, 18:30etatik aurrera. Eguraldi txarra egiten badu Atsegindegin egingo da, baina batean edo bestean sagardo kupela, eta Agin Laburu eta Aitor Mendiluze bertsolarien bertsoek girotuko dute sari banaketa. 

Dobera Euskara Elkarteak beste behin egitasmoa aurrera eraman du bailarako sagardotegien laguntzarekin. Gaur gaurkoak, bihar biharkoak gaia hartuta sagardozaleek bertsoak egin dituzte eta kaxetan sartu ere bai.

Guztira 200 bertso inguru jaso dira eta horietatik 20 sarituko dira. Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak aritu dira epaimahaikide lanetan eta aurtengo balorazioa positiboa egin dute, Doberako koordinatzaileekin batera. Denak oso gustora agertu dira egitasmoak izan duen arrakastarekin. «Pandemia aurreko partehartzera edo zenbakietara itzuli gara. Jende askok hartu du parte eta egitasmoaren helburuak bete direla esan liteke», azpimarratzen dute Doberatik. 

Euskera elkartearen egitasmoaren helburua euskerarekin jolasean aritzea da, «eta bete du. Hizkuntzarekin jolastu dira koadrilak, ongi pasatu dute, ligatu dute...». 

Bertso eskolako epamahaikideek nabarmendu dutenez, «bertsoak saritzerako garaian guk saritu ditugunak gaiari punta atera diotenak izan dira. Maila ona, polita egon da». Bertsotarako gaiak, Gaur gaurkoak, bihar biharkoak «ulertzeko modu asko dituela ikusi dugu, hertz asko ukitu dira. Polita da ikustea mahai baten bueltan girotutakoak izan direla, taldean eginak asko eta bi-hiru bertso egin direla mahai bakar baten bueltan».

Sarien artean Reala eta Atlético Madriden arteko partidurako sarrerak banatuko dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!