26garren Dantzari Astea maiatzaren 4tik 11ra ospatuko da Hernaniko kaleetan zehar

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 24a, 00:00
Plazan elkartuko dira dantza taldeak maiatzaren 5ean.

Erromeriarekin hasiko da maiatzaren 4an eta 5ean kalejira izango da 21 dantza talderekin. Maiatzaren 11n txikien txanda izango da.

Maiatzaren 4tik 11ra bitartean, 26. Dantzari Astea ospatuko dute Hernanin, San Joan Konpartsak antolatuta. Aste osoan zehar izango dira dantzari lotutako jarduerak, eta Euskal Herriko txoko ezberdinetako dantza taldeen bisitaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. 

Larunbatean, maiatzaren 4an, San Joan Konpartsaren erromeriak emango dio hasiera 26. Dantzari festari, Oinkada Muxiko taldearen laguntzarekin, arratsaldeko 18:00etan, Plaza Berrin (eguraldi txarrarekin Atsegindegin). 

Igandean maiatzaren 5ean aldiz, kalejirak dantzan jarriko ditu herritarrak eta jarraian dantza ekitaldi eder bat egingo dute dantza talde ezberdinek, herriko kaleetan barrena; tartean Ttarla dantza talde hernaniarra. Eguraldi txarrarekin Biteriko areto nagusian izango da ekitaldia. Xabier Etxeberria arituko da aurkezle lanetan.

Maiatzaren 6tik 10era bitartean, Iraultza dantza taldeak euskal jantzien erakusketa eskainiko du Biteriko erakusketa gelan, eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara bertaratu daiteke. Khrome ezkontza, kolorearen historia modaren begietatik, izango da erakusketako protagonista. Maiatzaren 9an, berriz, arratsaldeko 19:00etan, Iraultza taldeko Ramon Garciak gaiaren inguruko hitzaldi bat eskainiko du, Biterin. 

Maiatzaren 11n emango zaio amaiera 26. Dantzari Asteari zenbait dantza ekitaldirekin, besteak beste, dantzari txikien irteera, dantza emanaldia, txalapartariak eta bertsolariak. 17:00etan hasiko da  erdiguneko kaleetan zehar eta Jon Odriozola izango da aurkezlea. Euria egingo balu Atsegindegin izango da ekitaldia.

Eta Dantzari Astea agurtzeko, parte hartu duten dantza talde guztiak elkartuko dira Fandangoa eta Arin-arina dantzatzeko asmoz. Taldeen artean izango dira Egape, Eskola, Astigar, Trebeska eta Ttarla.

26. DANTZARI ASTEA

 

MAIATZAK 4, LARUNBATA

18:00 Erromeria Oinkada Muxiko taldearekin Plaza Berrin (Eguraldi txarrarekin Atsegindegin).

MAIATZAK 5, IGANDEA

10:45 Kalejira Hernaniko kaleetan zehar. Dantza ekitaldia Hernaniko auzo eta kaleetan zehar. (Euria egingo balu, Biterin egingo litzateke). Aurkezlea: Xabier Etxeberria.

Ondorengoak dira partehartzaileak: Herburu Hernaniko Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsa; Txilibita Fanfarrea; Hernaniko Herri Musika Elkartea; Hernaniko Musika Eskolako Dultzaineroak; Ttarla, Hernaniko dantza taldea; Arkaitz, Añorgako dantza taldea; Egape Urnietako dantza taldea; Ereintza, Errenteria Musikala; Erkeitz, Lasarte-Oriako dantza taldea; Eskola, Donostiako dantza taldea; Goizaldi, Donostiako dantza taldea; Ibarla Meaka, Irungo dantza taldea; Ikasberri, Azpeitiko Ikastola dantza taldea; Lezoko herri dantzazaleak, Lezoko dantza taldea; Olarri, Oiartzungo dantza taldea; Adurtza, Gasteizko dantza taldea; Arriskugarri, Sestaoko dantza taldea; Mamarigako Etorkizuna, Santurtziko dantza taldea; Arizkungo ezpata dantzariak, Arizkungo dantza taldea; Basakaitz, Iribaseko dantza taldea; Baztandarrak, Elizondoko dantza taldea; Ortzadar, Iruñeko dantza taldea; Ataitze, Itsasuko dantza taldea; Begiraleak, Donibane Lohizuneko dantza taldea; Izartxo, Ustaritzeko dantza taldea; Urdiñarbeko, Urdiñarbeko dantza taldea. 

13:15 Dantza emanaldia, Gudarien plazan. Hernaniko Musika Eskolako txalapartariak. Hernani Bertso eskolako bertsolariak (Ekain Tolaretxipi eta Iker Ormazabal) eta Irrintzilariak (Fermina Billanueva, Mari Carmen Mateo, Mirentxu Egizabal, Elurtxo Etxeberria eta Juani Tejedor). Dantza talde guztiek dantzatuko dute: Agintari dantza, Agurra, Muxikoak, Fandango-Arin arina eta Larrain dantza.

14:30 Bazkaria, Atsegindegin. Ondoren, erromeria.

MAIATZAK 6, 7, 8, 9 eta 10

17:00etatik 20:00etara Euskal Jantzkien erakusketa, Biterin. 'Khrome Ezkontza', kolorearen historia modaren begietatik.

MAIATZAK 9

19:00 Hitzaldia. 'Khrome Ezkontza', kolorearen historia modaren begietatik. Hizlaria: Ramon Garcia.

MAIATZAK 11

17:00 Dantzari Txikien irteera eta dantza emanaldia. Erdiguneko kaleetan zehar. Aurkezlea: Jon Odriozola.

Hasieran, Hernaniko Musika Eskolako txalapartariak; Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak.

Dantza taldeak: Egape, Urnietako dantza taldea; Eskola, Donostiako dantza taldea; Astigar dantza taldea; Trebeska Donostiako dantza taldea; eta Ttarla Hernaniko dantza taldea.

Bukaeran, Dantza talde guztiak Fandangoa eta Arin arina dantzatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!