Zubipeko instalazio fotovoltaikotik energia jasotzen hasi dira 87 pisu

Kronika - Erredakzioa 2024ko mar. 31a, 00:00
Zubipeko harmailen gainean daude plaka fotovoltaikoak.

Pobrezia energetikoa helburu, etxebizitza sozialetako familiak eta Amher elkarteko zenbait kide dira instalazioko energia jasotzen hasi direnak.

Hernaniko 87 etxebizitza dagoeneko jasotzen hasi dira energia Enherkomek Zubipen duen instalakuntza fotovoltaikotik. 56 kilowatteko potentzia instalatua dago Zubipen. Proiektua aurrera eramateko, Hernaniko Udalak Enherkomi teilatuaren lagapena egin dio instalakuntza egiteko, beti ere, bertako onuradunek irizpide sozialen arabera izendatuak izango direla bermatuz gero. Modu horretan, bertako onuradunak herriko etxebizitza sozialetako familiak eta Amher elkarteko zenbait kide izango dira besteen artean. Kontuan izan behar baita, Enherkom kooperatibaren eta hura kide den Hernani Burujaberen helburuetako bat dela pobrezia energetikoari aurre egitea. 

Enherkom kooperatibak aitortu du lehenengo instalakuntza hau martxan jartzeko epea nahi lukeen baino gehiago luzatu zaiela, baina behin lehenengoa eginda, hurrengoak jarraian etorriko direla eta egun gutxi barru emango dutela instalakuntza berrien nondik norakoen berri. Besteak beste, energia sareratzeko unea atzeratu egin da, Iberdrola enpresak kudeatzen dituelako horretarako beharrezkoak diren hainbat kontu: onuradunen zerrendari oniritzia ematea, banaketa akordioak, kontratu berriak eta beste zenbait tramite.

Zubipeko hau Enherkom kooperatibaren autokontsumo partekatuko lehen instalazio fotovoltaikoa da. Kooperatibaren helburua halako proiektuak sustatzea da, baina baita beste zenbait zeregin betetzea ere: besteak beste, enpresei eta norbanakoei aholkularitza ematea, formakuntza eskaintzea pobrezia energetikoari aurre egiteko. Hori dena posible egiteko, herritarrei kooperatibako bazkide egiteko deia egin diete. 

Horretarako, 10 euroko ekarpen bat egin besterik ez lukete, eta, behin hori eginda, kooperatibaren erabakitze guneetan parte hartzeko aukera izango lukete. Gaur egun 240 dira Enherkomeko bazkideak eta hortik gora igo nahi da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!