Urumea Ikastolak bere 'Mugimendu Autonomoa' azaldu du Balmasedan

Kronika - Erredakzioa 2024ko ots. 12a, 00:00

Jardunaldia Balmasedan antolatu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Hezkuntza Sailak antolatutako jardunaldietan, Haur Hezkuntzan egindako berrikuntzei buruz aritu zen hizketan Ainhoa Basauri.

Urumea Ikastolak pasa den ostegunean, Hezkuntza Sailak antolatutako Mugimendu Autonomoaren inguruko jardunaldietan gonbidatuta parte hartu du, bere ibilbidearen berri emateko. Aurreko ostegunean izan zen Ainhoa Basauri, Urumea Ikastolako kidea, Balmasedako antzokian, azken urte hauetako eraldaketa prozesuari buruzko azalpenak ematen. Bertan, Euskal Autonomia Erkidegoko 210 eskola publiko desberdinen maisu-maistrak elkartu ziren.

Urumearen kasuan, badira urte batzuk, bereziki, Haur Hezkuntzan, metodologia eraldaketa prozesuan sartu direla. Hausnarketa sakonaren ondorioz, gaur egungo haurren ongizate fisiko eta emozionala bermatzeko Mugimendu Autonomoa izeneko ikuspegia ardatz dute.

Urumea Ikastolako Ainhoa Basaurik azaldu zuenez jardunaldian: «Ikuspegi honetan haurra ardatza da, aniztasuna errespetatuz, bakoitzaren erritmo indibiduala uneoro kontutan hartzen da. Izan ere, haurrak dira benetako protagonistak: kideekin eta materialekin elkarreraginean daudenean, espazioetan mugitzen direnean eta bertan jarduerak egiten dituztenean».

«Haurrei segurtasun afektiboa bermatzen zaie»

Balmasedan Urumeako irakasleak azaldu zuenez. «Maisu-maistren kasuan, eskuhartzeak berebiziko garrantzia du; behatzaile aktiboa izango da eta haurrari bere garapenean akonpainamendua egingo dio, behar den kasuetan, eskuhartzea eginez. Haurrei segurtasun afektiboa bermatzen zaie, izan ere, hori baita beraien gaitasunak garatzeko oinarri garrantzitsuetako bat. Bide honetan ere, familiekin elkarlana bultzatzen da».

Hau dena aurrera eraman ahal izateko espazioek berrantolaketa behar dute eta hori da ere, Urumea Ikastolak azken urteotan aurrera eraman duen beste erronketako bat Basaurik azaldu zuenez. «Espazioak berritu dira, ekosistemaka (guneka) antolatuz; gune biziak bihurtu dira, gure eguneroko bizitza eta errealitatea hobeto ulertzeko eta bizitzeko guneak sortuz. Bertan, haurra ekintzailea izatea ahalbideratuko da, askatasunez mugituz, beraien intereseko gunera gerturatu eta naturaltasunez garatuz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!