Langile Ikastolara jana eramaten duen Serunion enpresa espedientatu dute

Kronika - Erredakzioa 2023ko aza. 12a, 00:00

Serunion enpresak banatzen du janaria Langile Ikastolan.

Hezkuntza Sailak hartu zuen ostiralean erabakia babarrunak egoera txarrean zeudelako eta arrainean har bat azaldu zelako. 

Langile Ikastolan, Lehen Hezkuntzan, janariaz arduratzen den Serunion enpresa espedientatu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, janarian sortzen ari diren arazoen ondorioz. Arazoa konpontzeko, Hezkuntza Sailak, espedientea ireki dio enpresari duen kontratua bertan behera uzteko. Gipuzkoan, Donostialdea, Oarsoaldea, Bidasoa eta Goierri eskualdeetan 30 zentro baino gehiagori ematen die zerbitzua. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, ostiralean, Serunionekin kontratuak suntsiarazteko espedientea irekitzeko agindua eman zuen. 

Arazoak ikasturte hasieratik datoz, baina ostiralean gertatu zen erabakia hartzeko pausoa emateko gertaera. Duranako Ikasbide (Araba) ikastolan babarrunekin arazoak somatu zituzten. Babarrunak kendu zituztela jakin ondoren, Serunionek zerbitzatzen dituen Arabako eta Gipuzkoako beste ikastetxe batzuk ohartarazi zituen Hezkuntza Sailak, haien haurrei ez zerbitzatzeko. Hernaniko Langile ikastolak 12:15etan jaso zuen Hezkuntza Sailaren posta. Ordurako jangelako langileek lekaleak jan zituzten. 

Langile ikastolako zuzendaritzak mezua jaso bezain pronto, Laubidietan eta Bidebietan erretiratu egin zituzten lehen platerak, «baina gure jangelako begiraleek lehenago jan zituzten babarrun horiek. Meaben bertan sukaldatzen denez, badakigu ez dela arazorik egon bertan prestatutakoekin».

Lehen txandakoei arazoa azaldu eta bigarren platera, arraina, zerbitzatu zitzaien eta Laubidietako haur baten platerean har bat topatu zuen haurrak berak. «Enpresari honen berri eman genion baina, badaezpada ere, arraina ez emateko erabakia hartu genuen. Postrea, arrainarekin zetorren tomate entsalada eta ogia jan ahal izan zuten». 

Bigarren txandarako 'kontingentzia menua' bidali zuten, purea. Langile Ikastolak Hezkuntza Sailera beraien kexa eta haserrea adierazi zien eta gurasoei ere berdina egitera animatu zituzten. «Gure haurren eta gure lankideen osasunarekin ez dugu onartuko jolasean aritzea!!! Ez dugu bat bera ere pasatzen utziko!!» eta kexak bidaltzeko telefono zenbakiak eta helbide elektronikoa argitaratu zituen ikastolako zuzendaritzak. 

 

Gaur protesta eguerdiko 12:00etan eta kazerolada Plazan

Efektua berehalakoa izan zen eta Hezkuntzak neurriak hartu ditu. Bestetik, Hernaniko Langile ikastolako gurasoek protesta antolatu dute gaurko, eguerdiko 12:00etan, Gudarien Plazan. Herritar guztiei bertaratzeko deia egin diete partehartzera eta komunikatu bat irakurriko dute.

Serunion enpresa Madrilen sortu zen eta Estatu osoan zabaldua dago. Enpresak Logroñon du egoitza, eta Hezkuntzak duela gutxi jarri zion zigor ekonomikoa, janarian «egon behar ez luketen mikroorganismoak» zeudelako. Hori arau-hauste larritzat jo zen. «Kostuak merketzeak eta kapitalismoak sortzen dituen arazoak dira eta Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak erantzunkizuna dute, ez bakarrik enpresak», dio guraso talde batek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!