San Joanen laburpena argazkitan

Kronika - Erredakzioa 2022ko uzt. 2a, 00:00

Txupinazoan, omenduak eta agintariak

Aurtengo San Joanetan Mendiriz Mendi elkartea eta Langile Ikastola izan ziren omenduak 75 eta 50garren urteurrena bete zituztelako pandemia garaian. Txupinazoa bota zuten elkarrekin eta, aurretik, argazkia atera zuten, udaletxean, ikastolako ordezkariek mendi elkartekoekin eta Udaleko zinegotziekin batera. Urteroko argazkia izaten da eta alderdi guztietako ordezkariak izan ziren bertan omenduekin batera. Txupinazoan eguraldiak lagundu zuen eta jende ugari hurbildu zen Gudarien plazara.

Adarra eta Sorgina estreinatu dira

Bi urteko geldialdiaren ondoren, indartsu etorri da Hernaniko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa. Hamarkadak egin behar dira atzera horrenbeste jende ikusteko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa jarraitzen. Horretan eragina izan du, seguruenik, berrikuntzak. Adarra eta Sorgina erraldoiek ongietorri beroa jaso dute, eta herritarrei asko gustatu zaizkie bi erraldoi berriak. Aurten, akelarreko bikoteak konpainia egin die Hernaniko kaleetan urteetan zehar aritu diren Joxe Mari eta Mari Karmen erraldoiei. Horrela, San Joan hauetan lehenengo aldiz irten ziren lau buruhaundirekin. 

 

Axeri Dantza gaztea, neurgailu

Axeri Dantza gazteak gero eta jarraipen haundiago du eta, aurten, termometro bezala balio izan zuen jakiteko San Joan jendetsuak izango zirela. Txupinazoaren aurretik ospatzen da eta festarako gogoa zegoela ikusi zen bertan. Sokan zeuden gazteen pozak erakusten zuen San Joan festarako zegoen grina.

 

23 tiratzaileren artean, Redondo eta Usarralde garaile 

Miguel Olloren Oroimenezko Karabina lehiaketan beraien punteria findu eta trebetasuna erakutsi zuten tiratzaile gazteek. 53 edizio dira dagoeneko San Joanetan karabina tiroketa antolatzen dela Txantxangorri elkartean. Ekhi Usarralde eta Julen Redondok irabazi zuten bi mailetan. 

 

'Ulterior... bidaia', zirku zoragarria

Ulterior... bidaia zirku ibiltariak haurrak txunditu zituen izugarrizko kalejira batekin Kaxkoan barrena. Sei pertsonaia alai eta maitekor herritik ibili ziren bost metrotako izaki familia batekin San Joanetako lehenengo egunean. Kalejira ikusgarria eta koloretsua izan zen, publikoarekin oso gertukoa.

 

San Joan su bustia, aurtengoa

Ekitaldi jendetsuenetarikoa izaten da San Juan sua festetan. Aurten, euria izan zen protagonista. Ez zuen ia gelditu ere egin, baina horrek ez zituen ikusleak eta dantzara irten zirenak kikildu. Hori bai, ekitaldia amaitu eta gutxira, sekulako zaparrada bota zuen.

 

Akelarre berritua ikusi zen urtaro aldaketari lotuagoa

Aurten, akelarrea berrikuntzekin iritsi zen. Gidoi berriak, Plazan, aukera eman zuen pertsonaia gehiago sortzeko. Oraingo honetan, adibidez, antzerkiko dantzetan 20 pertsona inguru aritu ziren. Mezu esanguratsuagoa helarazi zuten, erreferentzia eginez urtaro aldaketari. Inguruko belarrak, ilargiaren zikloak, lurrak eguzkiari nola ematen dion buelta... Horrelako gaiak landu zituzten. Izan ere, «sorginak gu baino konektatuagoak» zeuden horretara guztira.

 

Musika Banda errondara itzuli zen

Ohi bezala, Musika Banda arduratu zen San Joan bezperako doinuak aireratzeaz, Plazako ekitaldia giro bustian ospatu aurretik. Hermuba kalera itzuli zen hernaniarrak herriaren berezko doinuekin girotzeko asmoz; hala nola, Mendirik mendi edo San Joan martxa, pieza berriei gehituta, gozamenerako.

 

Urbietako oholtzan Kantuzek eskaini zuen kontzertua

Kantuz Abesbatzak Urbieta kaleko egitura berria aprobetxatu zuen kontzertua eskaintzeko. Ohiko oholtzetatik, oholtza herrikoiagora egin zuten salto. Jendea hurbildu zen entzutera eta ahots ezti eta ederrez gozatu zuten entzuleek. San Joan bezperan jendea gogotsu egoten da ekitaldi askotarikoak ikusteko eta gozatzeko, eta Kantuz abesbatzaren kontzertuaren zain herritar asko izan zen. San Joan jaietako zapiarekin lepoan, Igor Arroyoren zuzendaritzapean eskaini zuten emanaldia abesti eta doinu ezagunekin, kamiseta arrosarekin jantzita. 

 

Ohitura Zaharrak, San Joan berrietan

Ohitura Zaharrak taldea San Joanetara itzuli zen, hiru urte eta gero. Arratsaldea girotu zuten, herrian zehar, kopla eta abesti zaharrekin. Eztarriak lanean jarri zituzten eta gustura aritu ziren guztiak, giro ezin hobean. Aldez aurreko entsaioak beharrezkoak izan ziren, eztarriak fintzeko eta bezperan gozatzeko.

 

Diana jendetsua, San Joan egunean

San Joan eguna izan zen festetako egunik eguzkitsuena. Hernaniko Musika eta Txistulari bandak gidatuta, Mendirik Mendi doinuaren airera diana jendetsua izan zen goizean goiz, eguzki izpiek lagunduta. Ziurrenik, azken urteetan izandako diana jendetsuena izan zen.

 

Txistulari Banda arkupeetara,  San Joan egunez

Txistulari Banda izan da pandemia garaian egutegiari heldu zion taldeetako bat. Auzoz auzo ibili zen txistu doinuak eskaintzen, baina aurten berriz ere normaltasunera itzulita, udaletxeko arkupeetara bueltatu zen kontzertua eskaintzera. Jendeak gogotsu, eserlekuak bete zituen. Gainera, adin guztietako herritarrak zeuden entzule, helduenetik hasi eta gaztetxoenetara arte. San Joanetan entzuten diren ohiko doinuak jo zituzten eta baita egun horretarako prestatu zituzten beste hainbat pieza ere.

 

Danbor soinuek San Joan eguna alaitu zuten eguerdian

Etxeberriko haurren danborrada eta Santa Barbara elkarteko haurren danborrada azken honen egoitzatik irten ziren askotariko piezak jotzen. Familiak ondoan zituzten ibilbidean zehar jarraitzen. Zuzendariak gidatuta, Kaxkoa zeharkatu zuten barrilek, danborrek, kantinerek, sukaldariek, musikariek... Urtetik urtera errepikatzen den irudia izaten da, eta benetan ongi pasatzen dute haurrek danborren soinuekin. Zorionez, eguraldia lagun izan zuten, eta datorren urtean haur gehiagok parte hartzea espero da ekitaldia oraindik ere politagoa izateko.

 

Musika Bandak arkupea lepo bete zuen

San Joan egunean, Musika Bandak lan bikoitza izan zuen. Eguerdian, kontzertua eskaini zuten lepo bete zen arkupeetan. Hasieran, gazteenek Oskorriren abestiak jo zituzten eta, ondoren, helduen txandan, West Side Story musikalaren pieza bilduma entzun zen.

 

Maren Galvez eta Gorka Granado garaile, dantzan

Maren Galvez eta Gorka Granado bikoteak irabazi zuen Hernaniko Gudarien Enparantzan jokatutako Dantza Solteko Txapelketa. Lezo eta Sopelako bikoteak Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak bi puntuko abantailarekin gainditu zituzten. Ondoren, Azpeitiko hiru bikote sailkatu ziren: Laura Bastida-Ekain Uzkudun, Elaia Elorza-German Aranburu eta Alaia Amubieta-Amets Amubieta. Guztira hamar bikotek hartu zuten parte aurtengo edizioan. Zoritxarrez, ez zen dantzari hernaniarrik egon partehartzaileen artean.

 

Tor magoak amarruak erabili zituen

Tor magoaren Amarru ikuskizunaz asko gozatu zuten batez ere txikienek. Sorginkeri, arao eta amarruz betetako ikuskizun partehartzailea eta umoretsua izan zen. Adin guztietako ikusleek, batez ere 4-10 urte bitartekoek, magiaren sekretu miresgarriak sentitzeko aukera paregabea izan zuten.

 

Axeri Dantza San Joanetako ekitaldi nagusienetakoa da

San Joan jaiak berezi egiten dituen ekitaldietako bat edo nagusiena Axeri Dantza izaten da. Ez dago herririk honelako ikuskizunik duenik eta aurten ere arrakastatsua izan da. Larunbatean, izugarrizko jendetza bildu zen maskuriak larru azalean dantzan ikusteko, nahiz eta eguraldia ez zen lagun izan. Edonola ere, jendeak aurre egin zion euriari eta Plaza, Andre Kalea eta Kale Nagusia bete zituen. Goizean goiz ikustera jaiki eta gaupasa eginda zebiltzanak elkartu ziren txistulariek jotzen zuten Axeri Dantzaren doinuaz gozatzera, alai eta pozik.

 

Jendez lepo Plaza, sokamuturrean

Sokamuturra bi egunez ospatu zen, eta aspaldian ikusi ez zen jendetza hurbildu zen plazara eta zezentxoa mugitzen den eremura,  Nagusi eta Andre kaleetan zehar. Hala ere, arazoren bat edo beste sortu zen bigarren egunean eta Udaltzaingoak sartu behar izan zuen urak bere onera bueltatzeko. 

 

Haurrentzako parkean gora eta behera, umeak 

Haurrentzako parkea Atsegindegin jarri zen umeen pozerako. Euritik babestuta, bertako jokoetan gora eta behera ibili ziren gaztetxoenak saltoka, jauzika, irristaka eta txiribueltaka. Txu-txu trena ere prestatu zen, baina, eguraldia ikusita, jendeak nahiago izan zuen babestu eta etxeko txikienen jardunarekin gozatu. Zapatilak kendu, ilara egin eta euren txanda iristen zenean, ederki pasa zuten guztiek. Ezbairik gabe, urtero-urtero arrakasta izaten du haurrentzako parkeak. 

 

Brindisean, aterkiek izan zuten protagonismo nagusia

Uretan pasata, brindisak ez zuen izan beste urteetako dizdira bera. Aterkiak hartu zuten protagonismoa euri gehien bota zuen egunean eta orduetan. Izan ere, jendea ez zen kikildu eta hurbildu zen brindisa egitera, nahiz eta gero, udaletxeko arkupeetan babestu. Gero, bertatik irten ziren txarangaren atzetik kalejiran. Santa Barbara txarangaren doinuek beldurrak guztiz uxatu zituen, eta jendea saltoka berotu zen koadrilarekin, giro ezin hobean, bazkaldu aurretik.

 

Gazteak, Züttik Elektrotxarangaren ondoan

Koadrilen egunean, lagunak bildu ziren jan edanerako eta, ondoren, txarangaren atzetik dantzatzeko. Züttik Elektrotxarangaren bereizgarria izaten da elektro izatea, eta euria egiten badu, baldintzatuta geratzen da. Babestu egin behar izaten da sustorik ez izateko, eta horrela, udaletxeko arkupeetan elkartu ziren denbora luzez. Hala ere, koadrilek ezin hobeto pasa zuten elkarrekin elektrotxarangaren doinuekin dantzan.

 

Hondarra lohi, zezen txikietan 

Haurrentzako pottokak eta zezen txikiak Latsunbe auzoan ospatu ziren eta, aurten, hondarra lohi bihurtu zen. Urarekin nahastuta, plisti plasta ibili ziren gaztetxoak zezen txikien aurrean iskin eginez alde batera edo bestera. Nahiz eta eguraldia lagun ez izan, jendez gainezka zeuden inguruak. 

 

Karlista buruhandiak XIX. mendeko arrastoa uzten du

Erraldoi Karlistak, XIX. mendeko Gerra Karlistak herrian utzitako arrastoari egiten dio erreferentzia, eta umeen gustokoenetakoa izaten da. Buruhandiek beldurra sortzen dute askotan beraiengan, baina baita poza, alaitasuna eta emozioa ere une batzutan. Horren erakusgarri dira Kaxkoan barrena ikusten diren irudiak. Ikuskizunak asko irabazi du egiten diren dantzekin eta jolasekin. Horregatik, maxkuria ez da izaten bakarrik gaurko eguneko protagonista. 

 

Revuelta anaiak, Atsegindegin

Fermin Balentziaren ordez, Revuelta anaiek eskaini zuten kontzertua larunbatean, Patxi Saizekin batera, San Joan Konpartsak antolatuta. Urbieta kaletik Atsegindegira pasa zen emanaldia eguraldiak eraginda. Konpartsaren gaueko eta hurrengo eguneko erromeria girotzeko ere balio izan zuen. 

 

'Txoriak txori' akrobaziez eta esanahiez betetako ikuskizuna

Txoriak txori zirku ikuskizuna klasiko bihurtu da herriko eta auzoetako festen egitarauetan, baita Hernanikoetan ere. San Joanetan, Biterin ordez, Atsegindegin izan zen. Bertan pertsonaia bat, emakume bat agertu zen. Emakume bakarra bere eromenean, zorotasun errugabean. Haurrek kutsatzen duten erokeria hori atera zuen. Amets egiteko eta hegan egiteko aukera ematen duena, buruko txoriek hegan egiten duten bezalaxe. Akrobaziez betetako 45 minutuko ikuskizun paregabea eskaini zen, eta umeek eta gurasoek ederki pasa zuten elkarrekin.

 

Maxkuriek esnatu zuten herria

Dianarekin oraindik erdi lo jarraitu zutenek, sokamuturra amaituta, Axeri Dantzako maxkuriekin ondo esnatzeko aukera izan zuten igande goizean. Burrunba hotsek Kaxkoa hartu eta jende mordoak gozatu zuen festetako hitzordu espereoenetariko hau.  

 

Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsak Plaza Berri bete zuen

Plaza Berrin Erraldoi eta Buruhaundien Konpartsak geldialdia egin zuen indarberritzeko eta, noski, txistulari eta dultzaineroen doinuekin dantzan egiteko. Lau erraldoiak dantzan ikustea ikusgarria izan zen. Plaza Berri beteta zegoen, txosna parean, eta gazteek buruhaundiak zirikatu eta maxkuri kolpe batzuk jaso zituzten. Giro bikaina egon zen ibilbide guztian zehar, eta Gure Eskukoekin argazkia ateratzeko ere aprobetxatu zuen konpartsa osoak.

 

Goiz Eguzkin sariak banatu ziren

Kale jolasen eta karta txapelketaren sari banaketa izan zen Goiz Eguzkin, igande eguerdian. Musean, Pablo Peñacobak eta Manuel Bellok lortu zuten garaipena; eskoban, Ramon Ormaetxeak eta Eugenio Urruzolak; tutean, Mere Puertak eta Valentin Higuerak; puntuan, Francisco Apececheak eta Eugenio Urruzolak; botean, Cecilia Pavónek eta José Lópezek, eta, azkenik, dardotan, Cecilia Pavónek eta Ramón Gonzalezek. 

 

Gure Esku ekimenari babesa

Erraldoi eta Buruhandien konpartsak babesa eskaini zion Gure Esku-ko ekimenari, igandean. Gure Esku eta ANCk antolatutako Pirinioetako bidean, gaurko ekimenean parte hartzera gonbidatu zituzten herritarrak. 300 gailur baino gehiago argiztatuz, Euskal Herria eta Katalunia lotzeko deialdia egin zuten. 

 

Burrunbazale txarangarekin ere dantzan eta festan

Axer Dantza amaituta, Burrunbazale txarangak hartu zuen Kaxkoa igande goizean. Doinu eta erritmo alaien laguntzaz, txaranga gazteak dantzan jarri zituen hernaniarrak. Hara eta hona ibili ziren dantzan eta festan, asteburua modu ezin hobean agurtzeko asmotan. Atzetik izan zituzten gaupaseroak, goizean goiz esnatutakoak eta festara orduantxe batu zirenak. Erraldoiekin eta buruhaundiekin ere egin zuten topo, eta guztiek elkarrekin gozatu zuten. Musika ez ezik, dantza ere egin zuten Burrunbazalekoek, eta giro bikaina jarri zuten herrian. 

 

Zezen txikiak plazara, aurten ere

Jende mordoa bertaratu zen Latsunbera, zezen txikiak eta pottokak ikustera. Bi egunez izan zen horretarako aukera, eta haurrek ez ezik, helduek ere gozatu zuten festetako tarte hau. 

 

Umorea aldarrikapenen oinarrian, aniztasunaren babesean

Amherrek antolatuta, Humor negra bakarrizketa izan zen Biterin. Jendez bete zen aretoa, eta ikus-entzuleek ederki gozatu zuten bi orduko ikuskizuna. Umorea oinarrian izanda, diskriminazioen aurkako borroka ikusi eta entzun zen. Estereotipoak alde batera utzi eta aniztasuna besarkatzeko unea zela argitu zuten Asaari Bibang-ek eta Lamine Thior-ek.  

 

Ibon Miner txapeldun, Hernanin

Igandean jokatu zen Hernaniko Bola Txapelketako hirugarren eta azken tiraldia, Benta Berrin. Ibon Miner izan zen txapeldun, 102 brilarekin, eta haren semea azpitxapeldun, Aner Miner, 76 brilarekin. Fernando Gallego hernaniarrak lortu zuten hirugarren izatea, 74 brilarekin; laugarren, Miel Arrospide, 73 brilarekin; bosgarren eta emakumezkoetan lehenengoa, Martxelo Kanflanka ereñotzuarra, 72 brilarekin. 

 

Dantza eta dantza, giro paregabea izan zen erromerian

San Joan konpartsak antolatuta, Jeiki hadi taldeak dantzan jarri zuen Atsegindegi, igande arratsaldean. Erromeriak ez zuen hutsik egin San Joanetako egitarauan, eta berezia izan zen, gainera, festetako saio hau. Betikoak ez ziren falta izan dantzarako hitzorduan, eta beste hainbat herritar ere bertaratu ziren jai giroaz gozatzera eta dantzatzera. Erromeriak adin guztietako herritarrak altxa zituen, eta ederki gozatu zuten guztiek elkarrekin. 

 

Bertsozaleentzat aukera, Tilosetan

Jexux Mari Irazu, Nerea Ibarzabal, Eñaut Martikorena eta Maialen Lujanbio igo ziren Tilosetako oholtza gainera, San Joanetako urteroko bertso jaialdian. Eli Pagola aritu zen gai-jartzaile lanetan, eta saio borobila osatu zuten guztiek. 

 

Batukadaren erritmora, dantzan

Musikak eta dantzak protagonismoa izan zuten igande arratsaldean. Hala, batukada feministak Bilgune Feministaren txosnan hasi zuen ibilbidea, eta hasiera-hasieratik, herritar askok jarraitu zuten perkusioaren erritmoa. Haurrak, gazteak, zein helduak, elkarrekin, jai giroan dantza eta dantza aritu ziren. Taldeak berehala jarri zituen guztiak dantzan, Kaxkoan barrena murdilduta. Ezbairik gabe, familiartean edo lagunartean, gerriak mugitzeko aukera paregabea izan zen. 

 

Lara lara ra ra ra ra ra, beti beti egarriak....!

San Joanetako azken egunean, ez zuen hutsik egin Beti Egarriak txarangak. Betiko legez, kaleak eta herritarrak alaitu zituen urteroko hitzorduan, eta giro ederra jarri zuen herrian. Euriak ez zituen gogoa eta ilusioa zapuztu, eta txarangak goizeko 11:00etan abiatu zuen ibilbidea. Makina bat geldialdi egin zituen Hernanin barrena, eta noski, horietako bat izan zen Adinekoen Egoitzakoa. Bertako egoiliarrek zein langileek gustura entzun zituzten Beti Egarriak-en doinuak. Ondoren, erronda jarraitu zuen Kaxkoan barrena, eta txaranga hotsak entzun ziren arratsaldera arte. 

 

Euriak ez zituen herri kirolak eten

Herri kirolak izan ziren Tilosetan, festak agurtzeko. Erakustaldi bikaina eskaini zuten aizkolariek zein harri jasotzaileek, euripean. Herritar mordoxka bat ere bertaratu zen ikuskizunaz gozatzera, eta aterkipean ikusi behar izan zituen probak. Urumea bailarak izan zuen ordezkaritza ekintza honetan, hantxe izan baitzen Suharri Rodriguez 'Paolla' ereñotzuarra. Betiko moduan, fin-fin aritu zen aizkoran. Ordubetez aritu ziren harria jasotzen eta aizkoran, eta, horrekin, amaiera eman zioten festetan izan den herri kirolaren erakustaldiari. 

 

Artista txikienak, oholtzara

XLII. Marrazki eta Pintura lehiaketaren sari banaketa izan zen Biterin, astelehenean. Hauexek izan ziren kategoria bakoitzeko irabazleak: 3-5 urtekoan, lehenengo saria Ianire Lópezek eta bigarrena Lide Yarzak; 6-8 urtekoan, sari nagusia Irati Pachecok eta bigarrena Noa Azabalek; 9-11 urtekoan, txapeldun Aiala Azkue eta azpitxapeldun June Urigoitia eta Aner Serrano; azkenik, 12-14 urtekoan, Jurgi Lertxundi izan zen garaile. 

 

Irri eta algara artean dantza eta jolasean, Tomaxen abenturekin

Festak ederki agurtzeko asmotan, haurrentzako ekitaldia izan zen Atsegindegin. Adi, grabatzen, ekin! ikuskizunarekin, Tomax-en abenturak dantzan jarri zituen bertaratu ziren guztiak. Haurrek zein helduek, guztiek, barre algara artean bizi zuten San Joanetako azken jardueretako hau. Hain zuzen, egitaraua jarraituta, horixe izan zen eguerdiko azkena. Ondoren, 18:30etan, San Joan konpartsak ireki zuen arratsaldeko txanda, Udaletxeko plazatik abiatuta. 

 

Axeri Dantza herrikoiena, azkenengo egunekoa

Azken eguneko Axeri Dantza astelehenean izan zen, eta nabaritu zen jende kopuru aldetik. Izan ere, ez zen aurreko egunetako jende uholderik izan, inondik inora, baina giro herrikoiagoa zegoen sokaren bueltan. Egun honetan ere euripean, maxkuriek burrunba ederra atera zuten, batez ere Rioja tabernako omenaldian.

 

Puro relajok 'cowboy' txapelak plazaratu zituen

Bigarren urtez jarraian, Atsegindegin izan zen Puro Relajo taldea. Sekulako giroa piztu zuen herritarren artean, San Joan jaien azkeneko arratsaldean. Euskeraz, doinu mexikarrak eta latindarrak entzunez dantzan aritu ziren, zaletu asko mugitzen dituen talde nafarrarekin. Abestiek eta giroak adin guztietako jendea biltzen du, eta hori eskertzen da. 

 

Agirre Sorondo omendu zuten

Urtero bezala, desfilea egin zuen San Joan Konpartsak, jaien azkeneko egunean. Oraingoan, Antxon Agirre Sorondo zena omendu zuten, Kaxkoan barrena dantzan. Gudarien Plazatik irten eta leku berean amaitu zuten. 

 

Incansables txarangaren kalejirak amaiera, festen egitarauari

Beti bezain ederra izan zen San Joan jaien bukaera, Plazako iluntasunean elkartu eta San Joan Zortzikoarekin bat eginda aurrena eta Incansables txarangak gidatutako kalejira alai bezain klasikoarekin ondoren, Kaxkoko kaleak argituz. Horrelaxe borobildu zituzten ondo baino hobeto ospatutako festak. Aspaldiko kalejirarik jendetsuena izan zen, aurtengo San Joanak arrakastatsuak izan direla erakutsiz, nahiz eta festetan eguraldia ez den lagun izan.

 

'Su Danborrada', festak ixteko

Bilboko Deabru Beltzak konpainiak Su Danborrada ikuskizun berria ekarri zuen Hernanira, festak ixteko. Aker ibili zen, akelarreko deabrua, kaleetan zehar, bere perkusionisten lagun taldearekin, zuzeneko musika, piroteknia eta izugarrizko efektu espezialez osatutako ikuskizunarekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!