'20.000 especies de abejas' pelikulak lau sari irabazi ditu Mexikon, Platino Sarietan

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 25a, 00:00
Estibaliz Urresola Platino sari bat jasotzen, Mexikon.

Zinema iberoamerikarraren gau haundia ospatu zen pasa den larunbatean eta Ereñotzun bizi den Estibaliz Urresolak sariak lortzen jarraitzen du.

Platino Xcaret Sarien 11. edizioan, lau kategorietan gailendu da 20.000 especies de abejas pelikula, Ereñotzun bizi den Estibaliz Urresola Solagurenek idatzi eta zuzendutakoa: Iberoamerikar fikziozko opera prima onena, Ane Gabarainentzat antzeztaldeko emakumezko interpretazio onena, Estibaliz Urresolarentzat gidoi onena, eta Zinema eta balioetan hezteko Platino saria. Lau sari horietarako hautagaia zen, eta lauetan irabazi du.

Sari banaketa pasa den larunbatean egin zen, Mexikoko Riviera Mayan, Tlachco Parque Xcaret Antzokian. EGEDAk (Ikus-entzunezko Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundea) eta FIPCAk (Zinema eta Ikus-entzunezko Ekoizleen Iberoamerikako Federazioa) bultzatuta, Iberoamerikako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Platino Sariek kultura eta zinematografia iberoamerikarra ospatzen dituzte urtero. 

Entzute eta garrantzi haundiko sariak dira. Garaile nagusia La sociedad de la nieve drama epikoa izan zen, fikziozko pelikula iberoamerikar onena aukeratu baitzuten. Jose Antonio Bayonak, gainera, zuzendari onenaren saria bereganatu zuen, eta Enzo Vogrincicek gizonezko aktore nagusi onenarena.

Film onenaren Rosa de Sant Jordi saria, asteazkenean

Platino Sarien ostean, Espainiako Film Onenaren Rosa de Sant Jordi saria ere jaso zuen atzo 20.000 especies de abejas filmak, Bartzelonako Coliseum Antzokian, RNEk (Radio Nacional de España) antolatutako Sant Jordi Zinematografia Sarietan. RTVEko entzule eta ikusleek emandako saria da.

Aparteko ibilbidea osatu du filmak, Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak hiru Goya sari aitortuta: zuzendaritza berri onenarena eta gidoi onenarena Estibaliz Urresolarentzat, eta antzeztaldeko ema­kumezko aktore onenarena Ane Gabarainentzat. 30 saritik gora lortu ditu filmak, munduko jaialdi ezberdinetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!