2023an jaiotakoei ongietorria emango zaie igandean Ereñotzun, Atsolorrean

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 24a, 00:00

2023an jaiotako ereñotzuarren omenezko festa egingo dute auzotarrek, arratsaldeko 17:00etan hasita Auzo Udaleko aretoan.

Ereñotzun datorren igandean, Atsolorra egingo dute, Olak Auzo Elkarteak antolatuta. Arratsaldeko 17:00etan izango da, Auzo Udaleko aretoan; eta bertan elkartuta, 2023an jaiotako haurrei egingo diete ongietorria auzotarrek.

Ohi bezala, auzotar guztiei luzatu diete Atsolorrean parte hartzeko gonbitea, eta denetik izango du festak, ongietorri goxoena emateko Ereñotzuko txikienei. Txalaparta doinuekin emango diote hasiera, musikaz goxatuko dituzte haur eta gurasoen belarriak, eta bertsorik ere ez da faltako. Eta ospakizuna borobiltzeko, noski, merienda egingo dute bertan.

Garai batean egiten zuten Atsolorra Ereñotzun, haurra bataiatu ondoren: igande arratsaldez, amak merienda eskaintzen zien bisitan joaten zitzaizkion auzotarrei, emakumeak ia beti; eta kontu-kontari aritzen ziren, umore ederrean. Usadioa galdu zuten urteen poderioz, 2012an berreskuratu zuten aurrenekoz ongietorri festa bateratu bat eginda, eta ohiturari eutsi diote ordutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!