Bosgarren gelditu zen Suharri Rodriguez 'Paolla' igandean, Azpeitian jokatutako III. Euskal Duatloian

Kronika - Erredakzioa 2024ko api. 23a, 00:00

Paollak 35:17ko denbora behar izan zuen lanak bukatzeko, eta kirolari ereñotzuarrak aitortu du datorren urtean maila hobeagoa emateko esperantza duela.

Igandean Suharri Rodriguez 'Paolla' herri kirolariak Euskal Duatloiko hirugarren edizioko finala jokatu zuen, Azpeitiako zezen plazan. Bosgarren postuan gelditu zen ereñotzuarra, 35:17ko denborarekin. Paollarekin batera jardun zuten, Ugaitz Mugertzak, Ibai Soroak, Oier Kañamaresek, Arkaitz Jauregik eta Xabier Zalduak.

Aurtengo txapela, Ugaitz Mugertzak eskuratu du 31:56ko denborarekin; bigarren gelditu da Oier Kañamares (33:48); eta hirugarren Arkaitz Jauregi (33:54). Ibai Soroa gelditu zen laugarren postuarekin 34:51ko denborarekin, bosgarren Suharri Paolla ereñotzuarra (35:17); eta azken postua Julen Kañamaresentzat izan zen (40:24).

Finalistek, aizkoran eta korrika egin behar izan zituzten lanak; aurrena, 45 ontzako etzandako launa enbor moztu behar zituzten, eta lan hori bukatuta, 40 buelta eman behar zizkioten zezen plazari, 4 kilometro osatuz. Probarekin amaitzeko, 45 ontzako zutikako launa enbor moztu behar izan zituzten. 

 

«Datorren urtean maila hobeagoa emateko esperantzarekin»

Suharri Paolla kirolariak bosgarren postuan amaitu bazuen ere adierazi du «gustura» aritu zela zenbait lanetan: «aizkoran eta korrika gustura aritu naiz. Egia da, gero zutikako enborrean akatsak egin ditudala. Hala ere, 6 hilabete geldirik egon ostean, iruditzen zait nahikoa egin dudala!». Amaitzeko, ereñotzuarrak datozen urteetarako helburuak ere finkatu ditu: «hurrengo urtera begira, maila hobeagoa emateko asmoa eta esperantza daukat».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!