Arrobitxulo kaleko sarrera urbanizatzeko lanak hasi dira

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Arrobitxuloko igogailua.

Obrak uztailean amaituko dira, eta oinezkoentzako gune seguruago eta erosoago bat lortzea ahalbidetuko dute.

Arrobitxuloko irisgarritasuna hobetzen duen proiektua gauzatu ondoren, hau da, auzotik Herri Eskola, kiroldegia edo udaletxea bezalako eraikinetara iristen den igogailua eraikita, ordu jakin batzuetan, batez ere, igogailuan jende asko biltzen da (batez ere ikasleak eta senideak). Horregatik, eta oinezkoentzako gune seguruagoa eta atseginagoa izan dadin, auzoaren sarrera urbanizatzeko lanak hasi berri dira.

Egingo diren lanei esker, eremu hori oinezkoen presentzia haundiagoko eredu batera egokituko da. Bizikidetzarako espazio bat eraikiko da, oinezkoen fluxua lehenetsiz eta eremu horretako zirkulazioa mugatuz, segurtasuna hobetzeko.

Egin beharreko jarduketak Erriberako biribilgunean hasiko dira, ibilgailuek Arrobitxulora sarbidea izango duten arren, zirkulazioa mugatuko da. Helburu nagusia gune haundi bat sortzea da, non lurzoruak eta espaloiak maila bera izango duten eta oinezkoen joan-etorriak erraztuko diren. Zintarriak kendu egingo dira, espazioa hobeto egokitu ahal izateko eman nahi zaizkion erabilera-moduetara. Ekintza horiek, gainera, trafikoa moteltzen eta inguruko irisgarritasuna hobetzen lagunduko dute.

Horrekin batera, alde batetik, zoladura konponduko da hondatuen dagoen eremuetan. Bestetik, tximiniaren atzean dagoen aparkalekuari oinezkoentzako beste irteera bat emango zaio, irteerarik gabeko puntu beltza izan ez dadin.

Obrak burutzen ari den enpresa Construcciones Gaztañaga S.L da,  237.548,77 euroan (BEZ kanpo) esleitu dira eta 12 aste iraungo dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!