Anbulatorio berriaren kokapena bideratzeko, partehartze saio irekia

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 4a, 00:00

Anbulategi berriaren kokalekua.

Batzar irekia etzi izango da arratsaldeko 19:00etan Erriberako Kulturguneko erakusketa aretoan.

2024ko otsailaren 27ko ohiko osoko bilkurak, Urumea Berriko kirol anitzeko kantxen inguruan anbulatorio berria kokatzeko Astigarragako HAPOren 7. aldaketa puntualari hasiera ematea erabaki zuen aho batez. Honekin batera, indarrean dagoen arautegiak zehaztu bezala, aldaketa burutzeko herritarren partehartzea bermatzeko partehartzeko programa onartu zen ere.

Partehartze programa honen baitan kokatzen da etzi, hilaren 6an, Erribera Kulturguneko erakusketa aretoan arratsaldeko 19:00etan egingo den batzar irekia. Bertan, aldaketaren inguruko azalpenak eta kokaleku berri hau erabakitzearen arrazoiak adieraziko dira. Era berean, herritarren ekarpen eta iritziak jasotzeko abagunea ere izango da.

Esan bezala, Astigarragako anbulatorio berria Urumea Berriko kirol anitzeko kantxen inguruan kokatzea aurreikusten da, herri-gune osoaren ia zentro geografikoa. Kirol anitzeko kantxa atzerago lekualdatuko da eta beraz ez da desagertuko; bertan jarraituko du baino metro batzuk atzerago. Aurreikusi den eraikinak 600m2ko azalera izango du eta gehienez ere behe solairuaz gain beste 4 solairu goraka eta beste bi lur-azpian izango ditu biltegiak edo aparkalekuak kokatzeko.

 

Udal Planeamenduari buruzko Aholku batzordea 18:00etan

Batzar irekia baino lehen, Udalak Udal Planeamenduari buruzko Aholku batzordeko deialdia egin du batzordeko kideei ere aldaketa puntualari buruzko informazioa emateko. Aholku batzorde honek, behin udalak aldaketa puntualaren agiriari hasierako onarpena ematen dioenean, aldaketari buruzko txostena osatu beharko du eta espediente administratiboari gehitu beharko zaio.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!