Hiri antolamenduaren plan orokorreko berrikuspena, aho batez onartuta

Kronika - Erredakzioa 2024ko mai. 3a, 00:00

Aho batez onartu zituzten landutako gaiak, astearteko plenoan.

Berrikuspena onartzearekin batera, ondorengoa eman zuten ontzat: «Plan Orokorreko irizpideen eta xedeen aurrerapena, maiatzetik uztailera bitartean egongo da eskuragai, herritarrek ekarpenak egiteko».

Asteartean egin zuten Astigarra­gako udaletxean apirileko deialdiko osoko bilkura. Guztira zazpi izan ziren landutako gaiak, eta onartu beharreko puntu guztiak aho batez onartu zituzten; tartean, 2024ko zerga fiskalen aldaketa, zaintza lanpostuen balorazioa eta Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra berrikusteko irizpideak eta xedeak. 

2024ko zerga fiskalen aldaketetan, Xabier Urdangarinek ondorengoak zerrendatu zituen, eta aho batez onartu zen: «Batetik, datorren ikasturteko kiroldegiko tasak; hala nola, bazkidetza edota ikastaroak, etxegabe komunitateei bilerak egiteko udal instalazioak erabiltzeagatik tasarik ez jartzea, eta Erribera kulturguneko ikastaroetan familia ugariei %25eko beherapena egitea». 

2023 urteko maiatzean lanpostuen balorazioa onartu zuten Osoko  Bilkuran, eta aurtengo ur­tarrilaren 1ean sartu zen indarre­an. 2023ko lansarien igoeren zati bat (%0,5a) duela gutxi aplikatu zuen Udalak. Horregatik, akordio proposamena izan zen, 2023ko maiatzeko osoko bilkuran onartutako lanpostuen balorazioaren eranskina aldatzea; eta lanpostuen balorazioaren emaitza eta eragin ekonomikoa aplikatzea 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta 2024ko lanpostuen zerrendan islatzea hori.

Bosgarren puntua ere aho batez onartu zuten: Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra berrikusteko irizpideen eta xedeen aurrerapena, maiatzetik uztailera bitartean egongo da eskuragarri herritarrek ekarpenak egiteko. Jasotako ekarpenak aztertu ondoren, helburuak eta irizpideak zehaztuko dira, eta idaztaldeak horien arabera idatzi beharko du berrikuspena.

Behin betiko onartu zuten Zar­kumendegiko lur-zatien xe­­he­ta­sunen inguruko azterketa ere. Udalak hainbat baldintza finkatu ditu, eta horien artean dago Hirigintza Batzordean landutako akordio proposamena onartzea.

Hainbat gairi buruzko informazioa, azken puntuan

Plenoko gai zerrendako zazpigarren puntuari eutsi zion Xabier Urdangarinek, informazio eta galderenari, une honetan burutzen ari diren edota burutuko diren obren inguruan xehetasunak emateko: «Arrobitxuloko sarrerako hiritartze lanak hasita daude dagoeneko, eta abenduan amaitzea aurreikusten dugu. Apeztegiko igogailuko lanak 10 bat eguneko epean hasiko dituzte. Ibai parkeko jolastokia ere laster izango da erabilgarri. Etxez etxeko arreta zerbitzuaren kontratu berria lantzan ari gara. Eta amaitzeko, Santio Jaiak antolatzeko batzordea ere dagoeneko martxan da».

Urdangarinek amaituta, herritar batek hartu zuen hitza, etxe aurrean duten arazoa azalduz: «Txoritokietan bizi gara, eta gure etxearen parean errepidea dago, baina ez dago zebra-biderik. Hori eskatzera nator, ea hor zerbait egin daitekeen, zebra-bide bat margotu, adibidez». Urdangarinek herritarrak aipatutakoa apuntatu, eta begiratuko dutela baieztatu zion.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!