Makina bat zita izango dituzte Hernaniko esku pelotari eta palistek, asteburu honetan ere; eta horietako batzuk, oso garrantzitsuak.
Gaur bertan jokatuko dute eskuz, Herriarteko Txapelketaren final zortzirenetako bueltakoa. Kiroldegiko frontoian jokatuko dute, Altzoren kontra, han lortutako aldeari eusteko asmoz: 2-1 irabazi zuten hernaniarrek, 16 tantoren abantailarekin. Hori horrela, faborito dira hernaniarrak, final laurdenetara pasatzeko.
Gaurko jaialdirako, aldaketa bakarra egingo du Josu Oiaga entrenatzaileak. Ioritz Arrietak jokatuko du seniorretan, Eneko Aizpitarterekin. Kadeteetan, Unax Uitzi eta Mikel Lasa ariko dira; eta jubeniletan, Xabier Salaberria eta Ekaitz Insausti. Pelota Elkarteak, herritar guztiei luzatu die deia, frontoira gerturatu eta pelotariei animatzeko. Jakinarazi dute, sarrera doakoa dela, eta Itxaspe arrandegiko arrain lote bat zozketatuko dela.
Palistak, Azkoitian bihar
Herriartekoan baita ere, baina palaz, final laurdenei ekingo diete hernaniarrek, asteburu honetan. Azkoitian jokatuko dute joanekoa, bihar, arratsaldeko 16:30etan hasita. Emaitza onarekin bueltatu nahi dute hernaniarrek, gero herrian finalerdietarako txartela lortzen saiatzeko.
Euskal Herriko eta Estatuko Txapelketak, asteburuan
Hori baino lehen, hala ere, beste zita bat izango dute palista hernaniarrek, gaur bertan. Euskal Herriko Trinkete Txapelketan jokatuko dute Ariane Arrietak eta Amaia Araiztegik, 21:00etan hasita, Lekunberrin. Mendillorri taldearen kontra jokatuko dute, txapelketaren bigarren jardunaldiko partidua.
Gaur bertan, hasiko dute Estatuko Txapelketa, 30 metroko frontoian, Palentzian. Igandera bitarte jokatuko dute, eta bi bikoterekin ariko da Hernani: Amaia Irazustabarrena eta Maider Mendizabal, batetik; eta Miren Goikoetxea eta Maider Huizi, bestetik.
Hasteko, gaur goizean, Archenaren kontra ariko dira aurrenekoak; eta Portacoeliren kontra bigarrenak. 15:00etan jarraituko du jardunaldiak, eta bihar ere izango dituzte partiduak. Finalera sailkatuz gero, igandean izango dute.
Eta trinketean, Estatuko Txapelketan ari dira hernaniarrak. Asteazkenean lortu zuten bigarren garaipena, Arrietak eta Goikoetxeak, Oberenaren kontra, bi setak irabazita.
Markel Lizeaga, Asperekin Kaliforniara
Esku pelotarien artean, bada beste nobedade garrantzitsurik ere: Markel Lizeaga deitu du Aspe enpresa profesionalak, datozen 10 egunetan Kaliforniako Bakersfielden partidu batzuk jokatzeko. Jokatutako GRAVNI txapelketa bikainari esker, Irribarria, Ugalde eta Erostarbe pelotari profesionalekin batera joateko aukera izango du, hernaniarrak.