Herriarteko Txapelketako final laurdenetan da Hernani, eta Zizurkilen kontra jokatu zuen aurreko asteburuan joanekoa. 1-2 galduta bukatu zuten jardunaldia, beraz, gaur izango dute aukera markagailuari buelta eman eta finalerdietara pasatzeko. Zizurkilen izango dira bueltako partiduak, frontoian, 19:00etan.
Aldaketa, seniorretan
Zizurkilen aurkako norgehiagokara indartsu joateko, aldaketa txiki bat egin du Iosu Oiaga entrenatzaileak. Seniorretan, Markel Lizeagaren ordez, Eneko Aizpitartek jokatuko du Ioritz Arrietarekin.
Kadete eta jubeniletan, aldiz, bikoteak mantendu egingo dira. Horiek izango dira Xabier Salaberria-Oihan Zugasti eta Garikoitz Arizmendi-Endika Arizmendi, hurrenez hurren.
Klubak adierazi du aste honetan ederki entrenatu dutela denek, eta dena emateko prest daudela.
Pelota sailak Zizurkilera joateko deia egin du: «denok batera lortuko dugu finalerdietara sailkatzea».
Bertaratzeko deia
Dena den, kanporaketa «zaila» izango da. Horregatik, deialdi berezia egin nahi diete hernaniarrei, Zizurkileko pelotalekura bertaratu eta herriko pelotariak animatzera joateko. Horrela, «denok batera lortuko dugu finalerdietarako sailkatzea», adierazi dute.