1.000 erronkalari lortzea zuen helburu, Euskara Ari Du elkarteak bultzatutako Baietz Hernanik! egitasmoak; eta bete duela dirudi, ezta?
Bai, erraz bete dela esan dezakegu. Erronka zen urtebeteko epean 1.000 herritar baino gehiago aktibatzea beren egunerokoan euskararen inguruko ohituraren bat aldatzeko, eta amaierako zifren arabera, guztira 1.117 pertsonak eman dute izena egitasmoan.
Kontuan izan behar da, baina, datu horiek nondik ateratzen ditugun. Hilero inkesta bat erabili dugu erronkaren martxa kontrolatzeko eta herritarrek zituzten iritziak jasotzeko egitasmoaren inguruan. Inkesta horren bidez jakin dugu hilero zenbat herritar berrik eman duten izena, eta aurretik datozenei zer moduz joan zaien beren erronkarekin. Beraz, inkestek ematen dizkiguten datuez gain, ezinezkoa zaigu proiektuak eduki ahal izan duen inpaktua ezagutzea. Posible da herritar batzuek hizkuntza ohiturak aldatu izana Baietz Hernanik! erronkak eraginda, eta inkestak ez bete izana. Kasu horretan, ez dugu pertsona horren berri.
«Partehartzaile gehienek, hasierako erronka mantendu dute; baina erronka gehiago hartu dituztenak ere badira. Zazpi aldaketa egin dituzte, bi erronkalarik»
Datu soziodemografiko batzuk jaso ditugu inkestan. Horien arabera, ondorio batzuk atera daitezke. Hasteko, elebidunak izan dira izena eman duten hamarretik ia bederatzi (%88,9), baina 131 elebidun hartzaile aktibatzea ere lortu da. Bestetik, emakumeek nabarmen parte-hartze haundiagoa izan dute gizonek baino (emakumeak %63,9 izan dira, eta gizonak %35,4). Horrez gain, adin-tarte batzuen aktibazioa askoz ere haundiagoa izan da, beste batzuena baino. Partehartzaileen ia erdiak (%44,8), 30 eta 44 urte bitartean dituzte. Arrazoi desberdinak egon daitezke zifra altu horren atzean: guraso izateak eduki dezakeen eragina, eskola eremuan edo lan eremuan egin den saiakera berezia Euskara Ari Du elkartetik... Aldiz, 65 urtetik gorako oso jende gutxik parte hartu du, konparaketa eginez: erronkalarien %3,8 izan dira. Egia da Hernaniko adin-talde helduenak direla era berean elebakarrenak, eta beraz, egitasmo honetan ezingo zuketen parte hartu; eta posible da, baita ere, helduaroan ohiturak aldatzeko egitasmo bat ez izatea hain erakargarria.
Zein neurritan erantzun dute inkesta, erronkalariek? Fideltasuna mantendu da hilabetez hilabete?
Aniztasun haundia izan dugu inkesta erantzun kopuruetan. Erronkalarien erdiak baino gehiagok (%56,8k, 634 pertsonak) inkesta bakarra bete dute; hau da, erronkan izena eman. Alabaina, datu horrek bestelako irakurketa bat izan dezake: erronkalarien ia erdiak modu jarraituan parte hartu du erronkan, izena emateaz gain jarraipenen bat ere bete dutelako (%43,3k, 483 pertsonak guztira).
Fideltasuna neurtzeko garaian, kontuan hartzekoa da zein unetan izena eman zuten herritarrek, oso baldintza desberdinak baitituzte. Esaterako, errazagoa zaio azaroan izena emandako norbaiti etorriko zaizkion jarraipen guztiak betetzea, bakarra izango baita, urtarrilean izena eman zuen bati baino, hamaika izango baititu. Hala ere, egon badaude jarraipen hori bete dutenak: lau pertsonak hamabi inkestak bete dituzte, urtarriletik hasi eta abendura bitarteko guztiak.
Erronkak aldatu dituzte hilero? Zenbat erronka bete ditu bakoitzak bataz beste?
Esan dezakegu, oro har, erronkei izan zaien fideltasuna haundiagoa dela, egitasmoaren jarraipenari izan zaiona baino. Hau da, nahiz eta jarraipenak bete eta erronkaz aldatzeko aukera eduki, partehartzaile gehienek hasierako erronka mantendu dute: 948 pertsonak erronka bakarra ezarri diote beren buruari, egitasmo osoan zehar. Aldiz, erronka bat baino gehiago adierazi dituztenak 108 pertsona izan dira (%9,7). Horien artean, gehienek bi erronka hartu dituzte, hiru erronka gutxiagok, eta oso gutxi izan dira lau erronka edo gehiago hartu dituztenak. Erronka gehien hartu dituzten pertsonek, zazpi aldaketa egin dituzte; bi pertsona daude egoera horretan.
Zein izan dira ohiko erronkak?
Herritar gehienak hiru multzotan kokatu dira. Gainera, azterketa desberdinak egin ditugu: erronkalari guztien datuak kontuan hartuta, izena eman soilik egin dutenenak, jarraipen inkestak bete dituztenenak, erronkaz aldatu dutenenak eta ez dutenenak, elebidunenak eta elebidun hartzaileenak… Eta egoera guztietan errepikatzen den emaitza bat da. Hiru erronka talde nagusiak honakoak izan dira: aurrenekoa, euskeraz egitea «eremu guztietan, nire bizitzako harreman posible guztietan», edota elebidun hartzaileen kasuan «euskaraz dakiten guztiei eskatzea euskaraz egiteko»; bigarrena, gertuko harreman sareetan euskaraz egitea, «familian», «bikotekidearekin» eta «lagunartean»; eta hirugarrena, «lankideekin».
Eta ohiko zailtasunak? Desberdin bizi izan dute erronka partehartzaile elebidunek eta elebidun hartzaileek?
Desberdintasunak izan dira profilaren arabera, profil bakoitzak ezaugarri propioak dituelako euskera-ohituren inguruan. Kuantitatiboki eta kualitatiboki galdetu zaie zailtasunen inguruan. Datu kuantitatiboei begiratuta, badirudi elebidunek euskeraz gehiago egin dutela, eta haiei ere euskeraz gehiago egin zaiela beren erronkako hartzaileen partetik. Elebidun hartzaileen kasuan, bi datuak apalagoak izan dira.
Alabaina, erronka bete ez dutenen kasuan, eduki izan dituzten zailtasunez galdetu zaie modu irekian. Jaso diren balorazio kualitatibo horiek, nahiko egoera antzekoak islatzen dituzte elebidunen eta elebidun hartzaileen kasuan: arrazoi errepikatuenak dira, ohiturak aldatzeko ditugun zailtasunak, eta erronkan identifikatutako pertsona edo taldearekin egon ez izana.
Erronkarako epea bukatuta, partehartzaileek sumatu dute aldaketarik haien hizkuntza ohituretan?
Ez digute erronkalari guztiek balio galdera horren inguruko informazioa eskuratzeko, baldintza tekniko batzuk bete behar dituztelako; jarraipen inkesta bat behintzat bete izatea, esaterako. 420 pertsonaren inguruko informazioa daukagu, ohitura aldaketez jarduterakoan. Beraz, galderari erantzunez, ditugun datuetan sumatu da eragina, erronka hartu aurreko eta erronka egin ondorengo egoeraren artean. Euskeraren erabilerak gora egin du profil guztietan, elebidunetan eta elebidun hartzaileetan, nahiz eta apalagoa izan den, beste behin, bigarren horien artean. Baina ez hori bakarrik, erronkalariek adierazi dutenaren arabera, beren inguruan ere eragina izan du saiakera honek: erronkaren hartzaileek edo xede-taldeek ere, euskeraz gehiago egin diete erronkalariei.