Gerturatzen ari da 21garren Korrika, eta hernaniarren artean motorrak berotzen hasteko, aurtengo edizioaren aurkezpena egingo dute Hernanin, datorren ostegunean. AEK euskaltegian (Larramendi kalea 11) izango da, arratsaldeko 19:00etan hasita, prentsaurreko bat eskainita.
Eta ondoren, kaleetan barrena ibiltzeko plana prestatu dute. Bertso-potea egingo dute, herriko zenbait tabernatan: Atxurren, Oindin, Garinen eta Goiz Argin, hain justu.
Horrela, poteoa egiten duten bitartean, Hernaniko Bertso Eskolako hiru kide ariko dira bertsotan: Eli Pagola, Oier Iurramendi eta Asier Azpiroz. «Haiekin, poteoa are atseginagoa eta jostagarriagoa izango da», aurreratu dute AEKtik.
Txillardegi, omendua
Garesen hasiko da Korrikaren 21garren edizioa, apirilaren 4an; eta hamar egunen ondoren, apirilaren 14an iritsiko da Gasteizera, ibilbide luzearen amaierara. Hernanitik, apirilaren 12tik 13rako gauean pasako da, 01:24ak aldera.
Aurtengo edizioan, Jose Luis Alvarez Enparantza omenduko dute, Txillardegi ezinenez ezagunagoa. Hizkuntzalari, idazle eta politikari donostiarra izan zen Txillardegi.
Bestalde, laguntzaile egiteko epea ere zabaldu du Korrikak, eta horretarako, Hernaniko AEKn bertan ere badago aukera. 12 euroren truke, jasoko dute laguntzaile direla adierazten duen pina, Korrika Laguntzaile txartela, Euskal Herriko ehunka komertziotan beherapenak izateko, eta komertzio horien katalogoa.
Gainera, dagoeneko eskuragarri dago Korrikaren arropa ere, euskaltegian bertan.