Hernaniko Musika Bandak, Ozenki eta Goizuetako Umore Ona abesbatzek kontzertu bateratua eskainiko dute, azken urteotan ohi duten bezala, gaur 20:15etan, San Joan Batailatzailearen parrokian, meza amaitu bezain laster. Zuzendari lanetan Imanol Kamio, Jorge Pacheco eta Eneko Amundarain arituko dira.
Ibilbide honetan duela 13 urte hasi ziren eta 2006ko abenduan eskaini zuten kontzertu bateratua lehen aldiz, Milagrosan. Ikusle-entzule kopurua haundia zela eta ikusmina nabarmena sortzen zuela oharturik, taldeen arduradunek Agustindarren konbentura kontzertua mugitzea erabaki zuten. Eliza hau ere txikia gelditu ondoren, Hernaniko eliz nagusian emanaldia eskaintzea erabaki zuten. Horrela izan da azken hiru urteotan eta elizako eserlekuak jarraitzailez bete egiten dira.
Kontzertuak hiru atal iznago ditu. Lehendabizikoan musika banda bakarrik ariko da, bigarrengoan abesbatzak abestuko dute eta amaitzeko elkarrekin ariko dira elkarlanean.
24ean kale buelta eta Errege kabalgatan ere ariko dira
Ez da emanaldi bakarra izango Hernaniko Musika bandarena Gabonetan; etzi, hilaren 24an ohiko kale buelta emango baitu iluntzeko 20:00etan Plazan hasita, Andre Kale eta Kale Nagusia zeharkatuz.
Errege kabalgatan ere ariko dira umeen eta helduen ilusioei musikaz lagunduz.