Hernaniko EAJ-PNVk aditzera eman duenez, «badirudi aurten Udala eta Zerbitzu Sozialen patronatua bukatzen ari direla, udaletxeko postuen balorazioa, kanpoko enpresa batek egina. 2009an egin zen beste bat, eta kajoian geratu zen», kritikatu du.
Hori horrela, Hernaniko EAJren bozeramaileak, Andoni Amonarraizek, aditzera eman du balorazio horretan aztertzen dela «zer egiten den postu bakoitzean, eta ordainsari maila bat ezartzen zaio. Horrela izan da orain arte. Baina oraingoan, ez da horrela izan. Postu bakoitzari balio bat esleitu zaio, eta funtzionarioei pasa diete postu guztien zerrenda, aztertu eta beraien iritzia emateko. Oposizioko alderdiek ez dugu jaso zerrenda hori».
Zentzu horretan, oinarri hartuta «inork ez dakiela zein ordainsari maila dagokion balio horri, funtzionarioak ez direla gai horietan adituak, eta 500.000 euroko gastu muga bat ezarri dela», zenbait galdera planteatu ditu EAJk: «juxtua da langile bati bere soldata murriztea, EH Bilduk plantilla garestitu duelako aholkulariekin (urtean 103.000 euro), nagusi postu gehiago sortu dituelako (urtean 127.700 euro), eta ez duelako beharrezko diru kopurua jartzen mahai gainean? Zergatik ez da lotzen postuen balioaren taula, dagokion ordainsari mailarekin? Langileek garbiago ikusiko lukete, horri deitzen zaio gardentasuna. Uste dugu langile publikoei gol bat sartzen ari zaizkiela, eta balorazioa kutsatuta dagoela».
«Ez dugu ulertzen, postu berean, Hernanin gutxiago kobratzea inguruan baino»
Azkenik, EAJk nabarmendu nahi izan du ez duela ulertzen, postu berean, zergatik kobratzen duten inguruko udaletxeetan gehiago, Hernanin baino: «hasi gara ikusten, zergatik egiten duten alde Hernaniko udal langileek. Adi egongo gara, ikusteko EH Bilduk ontzat ematen duen behin betiko balorazioa», aurreratu dute.