Lau urte dira, Diametro 200 proiektua martxan jarri zuela Oronak, «pertsonekin eta ingurunearekin daukagun konpromisoaren bidean». Eta hori ezagutzera eman eta herritarrengana gerturatzeko, egun osoko festa antolatu dute datorren larunbatean, ekainaren 2an: Diametro 200 Jaia.
«Familia plan bat izatea nahiko genuke», azaldu zuen Iñigo Marquetek, Orona Fundazioko garapen zuzendariak, osteguneko aurkezpenean.
Horretarako, Diametro 200 proiektuari eta elikadurari buruzko bi hitzaldiz gain, izango dira haurrentzako jolasak, ekoizleen azoka, puntako bertso bazkaria (Maialen Lujanbio, Unai Agirre eta Amets Arzallusekin), eta Alos Quartet taldearen kontzertua.
Bertso bazkarirako, aurrez erreserbatu behar da tokia, telefonoz: 943 26 50 22. «Bertan izango da aukeran, egunerokoan Diametro 200 jatetxean jaten dena, baina jai-giroan, hori bai», azaldu zuen Fede Pachak, Diametro 200eko kudeatzaileak. Izan ere, helburua da jendeari ezagutaraztea, urte osoan zehar egunero, herritar guztientzat irekia dagoen zerbitzua: «sano, goxo eta prezio onean bazkaltzeko aukera. Gure filosofia da, elikagai garbiak, onak eta juxtuak erabiltzea».
Etorkizuneko erronken artean, «elikagaien %100 tokikoak izatea»
Diametro 200ek adierazten du, 200 kilometroko diametro batean produzitutako elikagaiak erabiltzen dituela, ehuneko haundi batean. Eta etorkizuneko erronken artean, markatu zuten «elikagaien %100 tokikoak izatea», edota inguruan lursail gehiago sortzea, «eta horrekin, lanpostu gehiago».
DIAMETRO 200 JAIA
EKAINAK 2, larunbata
10:30, Inaugurazioa, Orona eta Orona Fundazioaren ordezkariekin. Agurra, Unai Agirrek. Orona Ideo plazan.
10:30-13:00, Azoka: Diametro 200 ekoizleen erakusketa. Orona Ideo plazan.
11:00-13:00, Lurdes Alkorta eta Antxitte trikitilariak.
11:00-16:00, Haurrentzako jolasak eta tailerrak (3-11 urte).
11:00-12:00, Hitzaldia: Diametro 200: elikadura eredua, elikagaien jatorria eta erabilera, ingurunean sortutako eragina. Fede Pacha eta Iñigo Marqueten eskutik, auditorioan.
12:00-13:00, Hitzaldia: Etorkizuneko minbizia: eragina izango du gure bizimoduak eta elikadurak? Arkaitz Carracedo, CIC bio GUNE Ikerbasqueko ikerketa irakaslea. Auditorioan.
13:30-15:30, Bertso bazkaria, Unai Agirre, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusekin. Orona Ideoko self servicean. Menua 15 euro, edaria barne. Erreserbak, aurrez: 943 26 50 22.
15:30-16:30, Alos Quartet taldearen kontzertua, Orona Ideo plazan.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!