«Aldundiak planteaturiko autobusen murrizketen aurrean, herritarrok gure desadostasuna erakutsi eta denon interesak defendatzeko asmotan» sortu zen, 2017ko azaroan, Murrizketarik ez herri plataforma. Eta ordutik, azaldu dutenez, «ia 7.000 sinadura eta 5.000 alegaziotik gora» bildu dituzte, Tolosa eta Buruntzaldeako herrietan.
Zentzu horretan, «esker bereziak» eman nahi izan dizkiete Hernaniko herritarrei, «emandako erantzunagatik; herrian bertan, 3.500 sinadura bildu dira», nabarmendu dute.
Datorren asteartean erregistratuko dituzte sinadura guztiak, Aldundian.
Deialdia, otsailaren 27ko martxan parte hartzeko
Plataformak jakinarazi du, gainera, datorren asteartean erregistratuko dituztela sinadurak; eta horretarako, deialdi irekia egin diete, autobus erabiltzaile eta langileek, herritarrei: martxa egingo dute, goizeko 11:00etan abiatuta, Donostiako Pio Baroja plazatik Gipuzkoa plazaraino. Behin plazara iritsita, prentsaurrekoa eskainiko dute, eta sinaduren erregistroa egingo dute segidan, Aldundian, Murrizketarik ez plataformaren izenenean.
«Ahaztu egiten zaie, zerbitzu publiko batez ari garela»
Plataformak kritikatu du, era berean, Aldundiak murrizketekin aurrera jarraitu nahi duela, «herriak behin eta berriro bere desadostasuna adierazi arren. Batzuei ahaztu egiten zaie zerbitzu publiko batez ari garela, eta beraz, gizartearen interes orokorra, interes ekonomikoaren gainetik kokatu behar dela. Diputazioaren jarrera inposatzaile honen aurrean, murrizketen ondorioak jasango ditugunok asko dugu esateko. Bere jarrera horren atzean, eredu neoliberal basatia dago, zeinak zerbitzu publikoak suntsitu nahi dituen, ekonomia pribatuari ahalik eta ate gehien irekiz. Horren aurrean, guk eskubide sozialen defentsan jardungo dugu».
Zentzu horretan, Aldundiaren «moral bikoitza» salatu dute: «jarraitzen dute zerbitzu publikoa hobetzeaz hitz egiten, onura ekonomikoan oinarrituz horrelako murrizketa neurriak hartzen dituzten bitartean». Eta beste behin, eskatu diote Marisol Garmendia mugikortasun diputatuari eta bere taldekideei, negoziazio mahai bat sortu dezala, «adostutako eta guztiontzat kalte gutxien sortuko dituen erabaki bateratu batera iristeko».