Uztailean, 120 gazte euskaldunek osatutako espedizio batek, Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatuko ditu, Santiago Bideari segika eta Unescok gizateriaren ondare izendatutako tokietatik pasata.
EuskarAbentura egitasmoa izango da hori, Ruta Quetzal zenak inspiratuta martxan jarri dutena. 16 eta 17 urteko gazteei dago zuzenduta, 2000 eta 2001 urteetan jaiotakoei, hori delako «gauzak deskubritzen eta heldutasunean definituko gaituzten esperientziak bizitzen ditugun momentua. Gainera, gazte garaian harreman berri asko egiten dira, eta oso garrantzitsua da horietako hizkuntza ohituretan eragitea», azaldu du Irati Labaienek, EuskarAbenturako kideak. Izan ere, hori da egitasmoaren helburuetako bat, euskeraren normalizazioan eragitea.
Euskeraz dakien edozein gaztek, parte hartzeko aukera
Euskeraz jakitea da, hain justu, baldintza bakarra. Zazpi probintzietako eta diasporako gazte euskaldunek osatuko dute espedizioa, eta ez da matrikula kuotarik ordaindu beharko, baina bai hautaketa prozesu bat gainditu. www.euskarabentura.eus webgunean, izenemate orria betetzearekin batera, motibazio gutun bat eta lan bat bidali beharko dute gazteek. Lan hori egiteko, hiru gai jarri dituzte aukeran: Euskara eta zure herria, Euskara eta emakumeak, eta Euskara eta itsasoa. Baina lanak ere, mota ezberdinetakoak izan daitezke, «talentu ezberdineko gazteak» erakartzeko asmoz: historikoa, literarioa, plastikoa, musikala edota ikusentzunezkoa. Webgunean dago informazio guztia.
Aurkezteko epea martxoaren 18an bukatuko da, eta Eusko Ikaskuntzarekin batera lanak ebaluatu ondoren, apirilaren 16an jakinaraziko dute, zein 120 gaztek hartuko duten parte.
Uztailaren 1ean Maulen hasi, eta 31n Getxon bukatu
Espedizioa, uztailaren 1ean abiatuko da Mauletik, oinez, eta Donibane Garazitik pasata, Iruñara iritsiko dira. Handik Vianara joango dira, eta bertatik autobusez Donemiliaga Kukulara; han ikusiko dituzte, orain arte aurkitu diren euskerazko idazki zaharrenak. Handik Añana Gatzagara igo eta Barnealdeko Santiago Bidea hartuko dute, Iruneraino. Trenez Baionara joango dira, gero, eta hortik aurrera, kostako bidea hartuko dute, Donostia eta Bilbo igaro eta Getxoko Bizkaia zubian bukatzeko, hilaren 31n. Bidean, Unescok gizateriaren ondare izendatutakoak igaroko dituzte: Santiago Bidea bera, Santimamiñeko kobazuloak, Ekaingo leizeak, Altxerriko kobak eta Bizkaiako zubia. Gainera, egun bakoitzean, ekintza desberdinak burutuko dituzte: museoak bisitatu, kirol txapelketak, eztabaidak, autonomia hitzaldiak...