Erraustegiaren aurkako Mugimenduak gaur egingo ditu mendi-martxa bat Buruntza aldean eta ekitaldi bat Lasarte-Oriako Okendo plazan, biak ala biak Zubietako erraustegiari zerbitzua emateko eraiki nahi duten goi-tentsioko linearen aurka.
Hori dela eta, gaur, 11:30etan, lehenago Hernani, Urnieta, Andoain eta Lasarte-Oriatik abiatutako zutabeek bat egingo dute Azkorten, Buruntzapean.
Jakinarazi dutenaren arabera, Hernanikoak, 10:30etan aterako dira Gudarien Plazatik, gainontzeko zutabeekin elkartzeko gero, Azkorten. Behin hara iritsita, linearen ezaugarriei buruzko informazioa emango da, eta ondoren, Lasartera jaitsiko dira, eta 13:00etan, Okendo plazan, ekitaldi bat egingo da.
«Erraustegia berdez margotzeko Klima Aldaketaren Zentroa erabiltzen ari da Foru Aldundia»
Erraustegiaren aurkako Mugimenduko arduradunek diote: «erraustegiari ezetz esateko aukera berria izango da, baita azkenaldion erraustegiaren inguruan zabaldu diren hainbat albiste aipatzeko aukera ere. Esaterako, erraustegi ondoan Klima Aldaketaren aurkako Zentroa eraikiko dutenekoa. Egia esan, Foru Aldundiak mesede ezin eskasagoa egin dio Zentro horrek ezinbesteko duen sinesgarritasunari. Izan ere, Foru Aldundia Zentroa modurik zabarrenean erabiltzen ari da erraustegia berdez margotzeko. Eta erraustegia, inoiz martxan jartzen bada, Gipuzkoako berotegi-efektuko gas-sortzailerik handienetakoa izango da, gaur egun Zabalgarbi Bizkaiko berotegi-efektuko gas-sortzailerik handienetakoa den bezalaxe».
Linea berriak 132 kilovolteko potentzia izango luke, eta, esklusiboki erraustegiari zerbitzu emateko eraikia izango da. Zubietako eremutik irtengo litzateke eta 5.422 metroko luzera izango luke, A-15 autobide ondoraino, Urnieta eta Hernani arteko mugatik gertu.