Datorren urterako aurrekontuak onartu zituzten behin behinean astearteko ez ohiko Plenoan, EH Bilduren aldeko botoekin, EAJ eta PSEren kontrakoekin eta OHren abstentzioarekin. GAOn eta udaletxeko iragarki taulan argitaratu eta 15 eguneko epea izango da erreklamazioak egiteko, behin betiko onartu aurretik.
Horrez gain, aho batez onartu ziren aurreko akta, Eziagoko azterketaren behin betiko onarpena, eta Beterri-Buruntzako Elkarlan Sorguneen Programaren funtzionamendu araudia. Luis Intxauspe alkateak azaldu zuen ekintzaile desberdinek beren proiektuak garatzeko espazioa dagoela bertan, eta funtzoinamendua arautzeko langile bat kontratatu dela, gerora Beterri-Buruntzan sortu daitezkeen guneetan aplikagarri izango litzatekeena.
33.394.094 euro, 2018ko aurrekonturako
Azkenerako utzi zuten 2018ko aurrekontuari dagokion puntua. Intxauspek azaldu zuen PSErekin eta OHrekin bildu dela, haien kezkak eta zalantzak argitu eta proposamenak jasotzeko, eta EAJri ere «lanketa egitea proposatu arren, EAJk biltzeko asmorik ez» zuela adierazi ziela. Beraz, aurrekontua onartu zuten EH Bilduren aldeko botoekin, EAJ eta PSEren kontrakoekin, osoko zuzenketak egin dituztelako, eta OHren abstentzioarekin. OHko Jaione Aristregik azaldu zuen abstenitu egiten zirela, «aurrekontuak nahiko sozialak eta jasangarriak» izan arren, «Udal Taldean konfiantza galdu» dutelako; «iaz ere negoziatu genituen proposamenak, eta abendura arte ez dugu jakin zertan ziren».
Guztira, %6ko igoera onartu zen 2018ko aurrekontuetarako: 33.394.094,00 euro. Horietatik, 27.427.709 euro izango dira Hernaniko Udalerako; 8.104.217 euro Udaleko Zerbitzu Sozialetarako; eta 377.889 euro Ereñotzuko Auzo Udalerako.
Biterin berrikuntzak, gizarte langile berria edo Fagollagako zentralaren erosketa, proposamenetan
Aurrekontuak «Gobernu Talde honen 3garrenak» direla azaldu zuen Intxauspek, eta «hiru ardatz» dituztela: «hernaniarren bizimodua hobetu, zerbitzuen kalitatea hobetu eta herriaren garapen jasangarria bermatu». Isa Sanchez Ogasun zinegotziak diru kontuen azalpen zehatzagoak eman zituen, eta arlo bakoitzeko zinegotziak azaldu zituen aurreikusi diren proposamenetako batzuk.
Euskara eta Kultura arloan azpimarratu ziren, besteak beste, taldeentzako dirulaguntzen igoera, Biteriko aforoa haunditu eta akustika hobetzeko obrak, eta Musika eta Dantza gune bat sortzeko ideia; Zerbitzu Sozialetan, gizarte langile bat gehiago kontratatzea; Hezkuntzan, Baso Eskola martxan jartzea; Kiroletan, obrak eskaintzen dituen baliabideak aprobetxatzea; Lankidetzan, dirulaguntzak igotzea; Berdintasun eta Gazteria arloetan, Emakume etxea, eta gazteentzako eskaintza mantentzea; Ingurugiroan, azterketak egitea lurzoruaren kutsaduraren eta aire kalitatearen inguruan, Fagollagako zentrala erostea edota enpresei gaikako hondakin bilketa zerbitzua ematea; eta Azpiegitura Informatikoei dagokienez, sare libre eta askeen alde egin eta lizentzietan aurreztea.
Aurrerago, zehaztapenak
2018ko Udal Aurrekontuen datu zehatzak eta alderdien balorazioak argitaratuko ditu Kronikak, datozen egunetako erreportaje landuagoan.