Iritsi da negua, orain bai, bere osotasunean. Begibistakoa zen atzo Urumea bailaran, nabarmenena duen ezaugarriarekin: elurra egin zuen, ez mendi tontorretan bakarrik, baita herrietan bertan ere.
Goizean goizetik ageri ziren txuriz jantzita, Adarra, Onddi, Santiomendi, Mandoegi... Eta egunak oraindik guztiz argitu ez zuenean, kalean ere hasi ziren erortzen, aurreneko malutak. Berehalako batean, elurrak erabat estali zituen, bailarako mendi horiek guztiak. Eta hori izan zen egun osoan zehar mantendu zuten itxura, eguerditik aurrera elurrak atseden hartu bazuen ere.
Elur-kota 300 metro inguruan, gaur
Elur kontuak ez dira bukatuko oraindik, hala ere. Kotak gora egingo du zertxobait, baina 300 metro inguruan kokatu dute Euskalmeten iragarpenek. Ez du zaparrada haundirik botako, baina bai sarri, eta elur kapak lodiera hartuko du puntu altuenetan: 600 metroko altueran, 5-20 zentimetro bitartean; eta 1000 metrora, 10-30 zentimetro. Gainera, izotz haundia egingo du mendietan.
Elur kotatik behera, zaparradak botako ditu, eta trumoi eta kazkabarra ere bai. Bihar egingo du hobera, baina hotz haundia oraindik, hori bai.
Hainbat kirol ekintza, bertan behera
Elurrak bere eragina izango du asteburuko ekintzetan ere. Esate baterako, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol departamentuak gomendatu du, mendian, itsasoan, eta orokorrean kanpoan egitekoak diren kirol ekintzak eta partiduak, eskola kirolaren barrukoak behintzat, bertan behera uztea. Eta toki itxietan egitekoak direnak, berriz, bideragarritasun baldintzen arabera egitea.
Hori horrela, hainbat kirol ekintza geratuko dira bertan behera, asteburuan; batzuek, dagoeneko jakinarazi dute. Gipuzkoako Batel Ligak, esaterako, atzo iragarri zuen ez dela jokatuko bigarren jardunaldia, eta Donostiako eskolarteko futbol jardunaldia ere suspenditu da.