Ez du izango mota horretako aurreneko erronka, Xabier Salillas hernaniarrak, eta ezta azkenekoa ere, seguruenik: 24 orduz ibiliko da zinta gainean, gelditu gabe, irailaren 15eko 19:00etan hasi, eta hurrengo eguneko ordu berean bukatu.
Baina zailtasun puntu bat gehiago jarriko dio erronkari, oraingoan: oinutsik egingo ditu 24 orduak. «Oso gogorra izango da, zintak asko erretzen ditu oinak. Baina urte osoa daramakit proba prestatzen, eta uste dut gai izango naizela».
«Nire hankak eta sufritzeko gaitasuna dira daukadan baliotsuena, eta horri esker eta nire bizitza arriskatuta, gehien behar duen jendeari laguntzerik baldin badaukat, hala egingo dut»
Helburua, Juleneri laguntzea
Astigarragan egingo du saiakera hori Salillasek, Juleneren Festaren barruan: «gaixotasun arraro bat daukan neska gazte bat da Julene, eta berari eskainita, bi eguneko festa egingo dugu. Festa bat izango da berez, baina laguntzeko dirua biltzerik ere baldin badaukagu, hobe», dio Salillasek.
Horretarako, eltxetxo bat jarriko du hernaniarrak, bera proba burutzen ari den tokian, Julenerentzat dirua eman nahi duenak bertan botatzeko; eta kontu korronte zenbaki bat ere jarriko dute, dirua ingresatzeko laguntza gisa.
Zentzu horretan, Salillasek dio jendea animatu daitekeela dirua ematera: «ikusiko dute ni Juleneren alde egiten ari naizena oso gogorra dela, sakrifikatua, eta hori jendearengana iritsi egiten da. Eta zu sakrifikatzen ari bazara neska horren alde, beraiek ere animatuko dira kolaboratzera, eta laguntzeko dirua ematera».
«6-8 ordu entrenatzen ditut astean, eta dietistarekin, dena milimetroan kontrolatuta edukiko dut»
Salillasek onartu du, probaren gogortasuna dela eta, urte osoa daramakiela prestatzen: «hiru egunez ari naiz entrenatzen astean, 6-8 ordu guztira, eta bi astetik behin, tirada luze bat egiten dut, 8 ordu segidan. Baina hori oinen araberakoa da, zintak erre egiten du, eta nola dauden arabera... Momentuz gehien, 10 ordu egin ditut segidan», azaldu du.
Dietistarekin ere badabil, eta aurreratu du, 24 ordu horietan zer jan eta edan, eta nola, «dena milimetroan kontrolatuta» izango duela.
«Hasieran Wukroren alde egitekoa nintzen, baina Julenerena kontatu zidaten, eta beregatik egingo dut»
Hasiera batean, erronka hori bera Wukrori laguntzeko egiteko asmoa zeukan Salillasek: «baina Astigarragako gimnasioan Juleneren istorioa kontatu zidaten, eta erabaki nuen beregatik egin nahi nuela. Neskaren amarekin hitz egin nuen, eta ideia ona iruditu zitzaion. Eta gero, modu paraleloan, bi neska astigartarrek pentsatu zuten festa bat egitea, Juleneren Festa deituko zena. Beraz, bi proiektuak elkartu genituen, neskari festa haundi bat antolatzeko».
Datorren urtean, zinta gainean 48 ordu egingo ditu Bartzelonan, esklerosi anizkoitzerako dirua biltzeko.
«Egin ditut 24 ordu zintan, baina zapatilekin; oinutsik askoz ere zailagoa da»
Horrelako beste hainbat erronka bete izan ditu Salillasek, azkeneko urteotan. 2013an, 700 kilometro egin zituen zazpi egunetan, Wukrori laguntzeko: «10.000 euro bildu genituen egun horietan», gogoratzen du. 2014an, berriz, elikagai banku baten mesedetan aritu zen San Vicens del Horten, Bartzelonan: «24 ordu egin nituen zintan, zapatilekin. Tarte horretan tona bat elikagai lortu genituen. Hori oinutsik egitea askoz ere zailagoa izango da».
Eta Juleneren Festaren ondoren, badauka beste erronka bat ere: esklerosi anizkoitzerako dirua biltzeko, 48 ordu egingo ditu zinta gainean, Bartzelonan.
«Dirurik ez daukat emateko; nire hankak eta sufritzeko gaitasuna dira daukadan baliotsuena, eta horri esker eta nire bizitza arriskatuta, gehien behar duen jendeari laguntzerik baldin badaukat, hala egingo dut», nabarmendu du.