Aske geratu zen asteazkenean, Juan Mari Mariezkurrena preso hernaniarra, «Auzitegi Nazionaleko instrukzio zentraleko epaitegiaren ebazpen bat indarrean sartu ondoren», Etxeratek azaldu duenez. Izan ere, Mariezkurrenaren espetxe zigorra indargabetzea erabaki dute, gaitz larria daukalako. Dueñaseko espetxean zegoen hernaniarra, Palentzian.
Etxeratek adierazi duenez, «albiste ona da Mariezkurrenari Espainiako Zigor Kodearen 80.4 artikulua indarrean jartzea, baina argi eta garbi adierazi behar dugu, ez diotela inolako oparirik egin. Sendaezina den gaixotasuna dauka, eta bere senideen ondoan egon behar du, eta begirunezko tratamendua merezi du».
Etxeratek gaineratu du, ezin dela berriro gertatu «Mariezkurrena eta bere gertukoak pairatzen ari diren muturreko egoera. Eta hori gertatu ez dadin, ezinbestekoa da gaixorik dauden presoak askatzea».
Kontzentrazioa gaur, Plazan
Azken ostiralero bezala, kontzentrazioa egingo dute gaur, 20:00etan Plazan, preso eta iheslarien senide eta lagunek: «preso dauden senideak maite ditugulako, Euskal presoak etxera lelopean elkartuko gara». Eta bertan, ongietorria emango diote Mariezkurrenari ere: «ongi etorri etxera!».