Euskal Presoak Etxera ikurra Plazako ikurrinarekin batera jartzeagatik PSE-EEk Kronikara bidalitako oharrari erantzun dio Udal Gobernu tadeak. «Leporatu digu elkarbizitzaren aurkako ekintza izatea eta udal baliabideak modu ez egokian erabiltzea». Ikurra jartzearen arrazoiak ere eman ditu.
Hainbat arrazoi
2014ko abenduko Plenoan onartu zen mozio bati erreferentzia eginez, «ikurra udaletxeko balkoian egotea presoen eta senideen eskubideak aldarrikatzeko ekintza sinbolikoa zela iritzi» ziotela adierazi du, mozio hartan eskatu baitzitzaien «presoen senideen eskubideak errespetatuak izan daitezen ahal duzuen gehiena egiteko».
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzak «mehatxupean ikurra kentzera behartu» zituenetik bi urte eta erdi igaro direla gogorarazi du, eta «zoritxarrez, presoen oinarrizko eskubideen zanpaketak bere horretan jarraitzen» duenez, «ikurra hor egoteko arrazoiak oraindik badaudela» dio. Hainbat adibide gehitu ditu: «Asier Ormazabal herriko presoa bisitatzera joandako bi lagunek sufritutako istripua, Ibon Iparragirre hiesarekin gaixo dagoen presoaren ospitalizazioa, urruntzea, isolamendua...». Horregatik, argitu du «egoera horiek bukatzea gatazkaren konponbidean eta elkarbizitzan pausoak emateko bidea» dela.
Elkarbizitza eta konponbidean, pausoak
Bestalde, Udal Gobernu Taldeak salatu du PSE-EEren akusazioak «bidegabekeria hauen aplikazioan eragin zuzena izan duen alderdi bateko kidearengandik etorri» izana; «gurekin hitz egitea besterik ez zeukaten azalpen hau jasotzeko».
Azkenik, azaldu du ikurra kentzeko «sekulako gogoa» duela, eta «egoera bestelakoa» denez, orain arte bezala, «elkarbizitza eta konponbidean pausoak ematen jarraituko» duela, «guztiontzako bake justu eta iraunkorra lortu arte».