Preludio Txikiak ia 400 ume bilduko ditu bere 19garren edizioan bihar, 19:00etatik aurrera, Plazan. Egitarau potoloa eta berrikuntzez betetakoa prestatu dute.
Urteroko partaideez gain (Musika Eskola Publikoko taldeak, ikastetxetako abesbatzak eta Ttarla dantza taldea) badira hainbat nobedade eta gonbidatu berezi: Santa Barbara elkarteko haurren danborrada, Elizatxo ikastetxeko dantza taldea, Aitor Huizi (Huntza taldekoa eta Musika Eskolako ikasle ohia) eta Ainhoa Larrañaga (Go!azen).
Doinu aldetik, jatorri eta estilo askotako nahasketa entzun ahal izango da urtetik-urtera gehiagora doan ikuskizun honetan. Prestaturiko programan azpimarratzeko bi momentu egongo dira: hasteko, Pelegrinuak datoz; Santiago bidearen inguruan XIX. mendean Donostian jasotako doinua eta letra. Hernani ere erromesen pasabide izan zela (eta dela) gogoraziko digu. Preludio txikia bera, Kale Nagusian hasiko da doinu honekin, oholtzara modu berri batean iritsi eta igoaz.
Eta Imanol Urbieta musikari eta pedagogo zarauztarrak, 2016garren urtean hil zenak, omenaldia jasoko du. Duela 35 urte inguru Hernanin hasi zen musika irakasten Xirula-Mirula metodoarekin eta bere lan taldearekin. Geroztik, herriko ikastetxetan mantentzen da bere proiektua. Hori dela eta, bere omenez idatzitako Manolo doinu hau jo eta abestuko dute umeek.
Gaur egun modan eta puntako talde bihurtu diren Huntza eta Go!azen telesailak ere badituzte protagonista hernaniarrak. Aitor Huizi biolinjole eta Ainhoa Larrañaga (Musika Eskola Publikoko ikasleak) izango dira doinu pare bat egiten.