«Adinekoen bizi aktiboa sustatzea eta ongizatean eragitea» dira, Jubiloteka zerbitzu berriaren helburua.
Ekainean jarriko da martxan, Aranon, Goizuetan, Areson eta Leitzan, eta izenematea irekita dago, ekainaren 11 arte.
Astean hiru orduz
Arano, Goizueta, Leitza eta Aresoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak jarriko duen zerbitzua izanen da, Jubiloteka. Hasiera batean, ekainetik uztailera bitartean eskainiko da, baina dagoeneko aurreikusi dute beste bizpahiru hilabetez luzatzea.
Oraingoz, hala ere, ekainetik uztailera bitartean emanen da zerbitzua, astean hiru orduz, saio bakarrean: 10:00etatik 13:00etara. Aranon Maisuenean eginen da, astearteetan, eta Goizuetan, jubilatuen elkartean, asteazkenetan. Areson astelehenetan emanen da zerbitzua, eta Leitzan, ostegunetan.
Hilero 10 euro ordaindu beharko dira zerbitzuaren truke, baina aurreneko hilabetea debalde izanen da.
Izenematea, Gizarte Zerbitzuetan
Probatu eta parte hartzera animatzen direnek eman dezakete izena, dagoeneko. Ekainaren 11ra arteko epea dago, horretarako.
Gizarte Zerbitzuetara deituta eman behar da izena, 948 51 08 40 telefonoan. Hileko 10 euro ordaindu beharko dira, baina lehendabizikoa debalde izanen da.
Tailerrak egiteko aukera izanen da saio hauetan, parte-hartzaileen prozesu kognitibo, emozional eta garunekoak hobetzeko.