Joan den asteburuan bukatu zuten junior mailako Gipuzkoako errepideko denboraldia, txistulari astigartarrek, Udazkeneko Kriteriuma jokatuta.
Asteburu honetan, berriz, Trofeu Internacional Ciutat de Barcelona lehiaketaren 13garren edizioan, Miguel Poblet Memorialean izango da Urko Semperena.
Hiru etapa ezin gogorragoak, Kriteriumean
Denboraldiari bukaera eman dion Udazkeneko Kriteriuma hiru etapatan jokatu zen lehengo asteburuan, Oñatin.
Aurrenekoak 81 km zituen, eta hiru portu. Parte hartu zuten 132 txirrindularitatik 34k bakarrik lortu zuten metara iristea; horien artean, Urkok; ez, ordea, Telmok. Hain zuzen, Telmo Semperena oso ondo hasi zen, aurreneko portua igotzen hasi ziren ihes egindako 8 txirrindulariren artean asrtuta. Baina gailurrera iristerako, metro batzuk galdu zituen, eta pelotoiak harrapatu zuen. Segidan, hurrengo portuan, beste metro batzuk galdu zituen, eta 8 kilometroko hurrengo igoeran ikaragarrizko ahalegina egin bazuen ere, epaileek kaleratu zuten, atzean geratzeagatik.
Urko Semperena, berriz, pelotoi buru izan zen lasterketa osoan zehar, azken portua igotzean 18ko taldea geratu ziren arte. Bukatzeko kilometro baten faltan, ordea, beste kilometro bat gehitu zioten lasterketari, eta aurreneko postuari ezin eutsita, bosgarren bukatu zuen.
Bigarren etapa igande goizean jokatu zuten: 55 km eta 5 portu puntuagarri, ibilbide motz baina gogorrean. Parte hartu zuten 110 txirrindularitatik 54 izan ziren sailkatzea lortu zutenak. 52garrena izan zen, hain zuzen, Telmo. Urko, berriz, 11garren postuan sartu zen, eta orokorrean 10garren bukatu zuen.
Segidan, sailkapen orokorrerako balio ez bazuen ere, erlojupekoa jokatu zuten bigarren etapa bukatu zuten 54 txirrindulariek.
Bartzelonan, elite mailakoak
Kriteriuma bukatuta, bestelako zita bat daukate asteburu honetan txirrindulariek: Trofeu Internacional Ciutat de Barcelona, Miguel Poblet Memoriala. Bertan, Gipuzkoako ordezkari moduan izango da Urko Semeperena, Imanol Isasa oiartzuarrarekin batean. UCI-C2 mailako aurreneko lehia ofiziala izango da astigartarrarentzat.
Oraindik junior mailakoa bada ere, gonbidatu moduan joango dira, Munduko Koparako puntuak biltzeko balio duen nazioarteko mailako proba honetara. Elite mailako mundu osoko pistako txirrindulari onenen aurka ariko dira.