Berezia izango da aurten, Astigarragako Inauteri igandea: iñude eta artzaien konpartsa berreskuratu nahi izan du Astigar dantza taldeak, eta martxoaren 3an aterako dira.
Ergobiako plazatik abiatuko da desfilea, goizeko 11:30etan, eta herria zeharkatu ondoren, Joseba Barandiaran plazara iritsiko dira, 12:30etan. Bertan, plaza dantza saioa eskainiko dute, herritar guztientzat.
Astigar taldeko dantzariek antzeztu eta dantzatuko dute iñude eta artzaien paperean; baina kalejiran parte hartzea, irekia izango da, garaiko jantziekin mozorrotuta, zenbait pertsonaia irudikatuz. Horretarako, gainera, jantziak banatuko ditu Astigarrek, nahi duten guztientzat, bere egoitzan.
Antzerkiari laguntzeko, noski, musikarik ez da faltako: txaranga, danborrada, txistulariak, trikitilariak...
Azkeneko urteotan Goizueta, Oria eta Lantzeko inauteriak Astigarragara ekarri ondoren, Astigarrek berreskuratu nahi izan ditu iñude eta artzaiak, partehartze zabalagoa eskaintzen baitute.