Hondakinen karakterizazioa egitea eskatu du EH Bilduk

Kronika - Erredakzioa 2018ko ots. 24a, 01:00

Urtarrilean sei hilabete bete ziren hondakin bilketa sistema guztiz indarrean sartu zela. «Udalak San Markorekin egin zuen hitzarmenean jasotzen den bezala, sei hilabetera  karakterizazioa egitearen obligazioa dago eta EH Bilduk horregatik urtarrilaren hasieran frakzio desberdinen karakterizazioa egitea» eskatu zuen.

Karakterizazio horri esker, edukiontzietan jasotzen den hondakinaren kalitatea nolakoa den jakingo da, hau da, organikoko edukiontzian benetan organikoa zenbateko proportzioan dagoen, errefusakoan zenbateko proportzioan dagoen errefusa… Horrela, frak­zio guztiekin. «Honek bilketaren egokitasunari buruzko informazio garrantzitsua eman­go du» eta EH Bilduk sistemaren emaitzen benetako egoera zein den jakiteko eta sistema bera hobetzeko ezinbestekotzat jotzen du.

«Bizilagunen kexak pilatzen ari dira»
«EAJk sistemaren arazoak hobetzeko konpromisoa omen du baina egunak eta hilabeteak igaro dira eta ez dago aldaketarik. Bizilagunen kexak pilatzen ari dira, besteak beste, Zubi­musun Urumea Kalean, Kale Nagusian zaborra edukiontzietan behin eta berriz pilatzen da, edukiontziak ez dira egoki irekitzen… Baina EAJk ez du soluziorik ematen» dio EH Bilduk.

Prentsan San Markori bilketa maiztasuna areagotzeko eskaera egingo ziola komentatu zuten «baina EH Bilduk jakin du hori ez dela horrela izan. EAJk San Markorekin egindako bileran ez zuen gai hori aipatu ere egin. Udal Gobernua zerbait egiten ari dela saldu nahi du baina sistema aldatu denetik ezer gutxi egin du hobetzeko».

«EAJk hondakinen arautegia betetzeko gogo gutxi du»
EAJk hondakinen arautegia betetzeko gogo gutxi duela adierazi du Bilduk. «Udal Aurrekontuen prozesuan, EH Bilduk, besteak beste, hurrengo emendakinak aurkeztu zituen: auzokonposta guneen mantenu zerbitzua ziurtatu eta hondakin bereziak (CDak, pilak, kartutxoak, bonbillak…) biltzeko edukiontziak jarri. Biak, EAJren eskutik baztertuak izan ziren. Beraz, esan daiteke EAJk birziklapenaren, hondakinen murrizketaren eta ingurugiroaren alde duen konpromisoa itxurakeria besterik ez dela».

«Udal Gobernu honek sen­tsibilizazio eta informazio kanpainak maiz egingo zituela agindu zuen baina ez dugu bat bera ere ikusi. Gainera gure he­rrira bizilagun/herritar be­rriak etortzen jarraitzen dute eta hauek ez dute informaziorik jasotzen. EH Bilduk lanean jarraituko du hondakinen ku­deaketan Astigarraga eredu izaten jarrai dezan. Sistemaren martxa ona bermatzeko ezinbesteko neurria da bizilagunak informatzea eta sentsibiliza­tzea» dio Bilduk.

Hondakinen bilketa selektiboa gutxienez %80an manten­tzea da EH Bilduren helburua eta «horretarako herritarrei erraztasunak eta baliabideak eskaintzeko apustuari eutsiko dio».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!