Bi kontzertu eskainiko dizkiote aurten Santa Zeziliari, musikarien patroiari, Astigarragan. Datorren asteazkenean izango da Santa Zezilia eguna, baina gaur bertan emango dute aurreneko kontzertua.
Herri Eskolako aretoan jarri dute hitzordua, arratsaldeko 19:00etan hasita, musika eskolako Eira taldeak eta Aiztondo abesbatzak. Pop musika saioa izango da, musikari eta talde ezagunen abestiekin osatua: Ken Zazpi, Itoiz, Elvis Presley, The Mamas & The Papas... Sarrera doan izango da, eta herritar guztiei luzatu diete gonbitea, kontzertura gerturatu eta pop doinuez gozatzeko.
Betak eta Kazkabarra taldeek, asteazkenean
Musikaren Egunean bertan izango da bigarren kontzertua, asteazkenean. Norberto Almandoz musika eskolako bi taldek joko dute, Musikalean deitu duten saioan; musika kalean. Izan ere, udaletxeko arkupeetan eskainiko dute kontzertua, arratsaldeko 18:30etan hasita, Betak eta Kazkabarra taldeek.
Abesti sorta bat prestatu dute bereziki horretarako, eta herritar guztiak animatu dituzte bertara: «musikaz gozatu nahi baduzue, etorri ikustera!», luzatu diete deia.