Ekimen berria jarri dute martxan, Astigarragako Udalak eta herriko zazpi erakundek elkarlanean, «euskeraren presentzia areagotzeko». Zehazki, gurasoekin daukaten harremanetan nahi dute indartu euskera.
Udalak luzatu zien proposamena erakundeei, eta bat egin zuten Astigarragako Herri Eskolak, Gaztelekuak, Guraso Batzordeak, Kirikieta Haurreskolak, Mundarro Kirol Elkarteak, Norberto Almandoz Musika Eskolak eta Xaguxar aisialdi taldeak.
Gurasoekin bilerak, euskeraz
Hartu duten konpromiso honekin, praktikan jarriko dituzte neurriak, gurasoekin izaten dituzten bilerak euskeraz egiteko aurrerantzean. Lan horretan, Udalaren babesa eta laguntza teknikoa izango dute erakunde horiek, lantalde bat osatu baitu horretarako.
Irailaren 7an izan ziren zazpi erakundeetako ordezkariak udaletxean, Udaleko Euskara Zerbitzuaren proposamenaren berri izateko. Bertan aztertu zuten, gurasoekin harremanetan zenbat eta nola erabiltzen duten euskera, eta ondorioztatu zuten, gehiago erabili daitekeela. Horren harira, neurriak proposatu zizkien Udalak: publikoaren hizkuntza identifikatzeko zer egiten duten erreparatu, erabiltzen duten irizpidea publiko horrentzako egokia den, bileraren hizkuntza esplizitatzen duten, zer nolako aurreiritziekin jokatzen duten...
Orain jarri dute martxan ekimena, eta 2018an jarraipena izango du.