«Nabarmen hobetuko da txakurren arautegia, EH Bilduri esker»

Kronika - Erredakzioa 2017ko uzt. 12a, 02:00

Martxoan onartu zuen Uda­lak, aho batez, txakur parkeen erabilera zehaztu eta abereak eduki eta babesteko udal orde­nantzaren aldaketa. Eta horren balorazio positiboa egin du EH Bilduk, «txakur parkeak bi urte­­ko atzerapenarekin iritsi badira ere». Izan ere, alder­diak nabarmendu du, aurreko legealdiaren bukaeran jarri zuela martxan egitasmoa, eta EAJk bi urte behar izan dituela garatzeko. Modu berean adie­razi du, «hainbat txakur jabe­rekin bildu ostean», 13 alega­zio aurkeztu zituela arautegia aldatzeko, «EAJren propo­sa­men sinplea hobetzeko».
Onartu diren alegazioen artean, nabarmendu ditu txa­kur parkeetako gutxieneko baldintzak: bi txakur edo ge­hi­a­­go daudenean, jabeak ere par­ke­aren barruan egotea, kal­te­en erantzukizuna haiena izatea... «Baina garrantzitsuena izan da, txakurrak libre ibiltzeko guneak egokitzea. Hiru eremu aurreikusi dira herrian: Murgia Parkea, Mundarro plaza (Arro­bi­txulo) eta Pagoaga kalea (Ergobiatik Oialumera doan bidegorria)», azaldu du. Udan 21:00etatik 09:00etara, eta neguan 19:00etatik 10:00etara, aske ibili ahal izango dira ber­tan, arriskutsuak ez diren txa­kurrak. Gune horietan, panel informatiboak jarriko dituzte funtzionamendua azaltzeko, EH Bilduk aurreratu duenez.

Hainbat alegazio, onartu gabe
EH Bilduk aurkeztutako beste hainbat alegazio, berriz, ez zi­ren onartu. Horietako bat da, etxe partikularretan txaku­rren bizi baldintzak zehaztekoa, «ani­malien eskubideak eta su­fri­tuko ez duela berma­tze­ko». Txakur arriskutsuen des­kribapena legediari egokitzea ere eskatu zuen EH Bilduk, eta txakurrak hirigunean lotuta eramateko obligazioa, landa eremura zabaltzea, jabearen begi bistan ez daudenean.
Ez da onartu txakur kakak galtzadetan uzteko baimena ordenantzatik ezabatzea ere. Eta EH Bilduk aldatu nahi izan du, baita ere, txakur aban­do­na­tua, azken aukera bezala, erail be­harko dela dioen atala, pro­po­­satuz hori bideratzeko era­kun­de animalista eta herrita­rre­kin harrera sare bat sustatzea. Eta onartu ez den azke­ne­ko alegazioa, izan da anima­liak erabiltzen dituzten zirku eta zooak debekatzea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!